Zapatuan ikusiko da nork mozten duen belar gehiago

Xabier Urtzelai 2011ko maiatzaren 12a

Tabernan, lagunartean egiten diren apustu horietako batzuk komunikabideetara ere iristen dira, eta hori da, hain zuzen, Udalako Josu Zuazubiskarrek eta Uribarriko Javi Iturbek duten apustuarekin gertatu dena. Kaleko zurrumurruak baieztatzeko Santa Ana hoteleko Iñakirengana jo dugu, eta hark eman dizkigu xehetasunak. Hala, bi arrasatearren arteko apustua bertatik bertara jarraitu ahal izango dute arrasatearrek, zapatuan, 12:00etan hasita, Udalara bidean dagoen Santa Ana hotelaren ondoan.

Belar gehiago nork moztuko duen apustu egin zuten Iturbek eta Zuazubiskarrek iaz, baina gauza batengatik edo bestearengatik atzeratzen joan dira hitzordua: "Hotelean bertan zeudela hasi ziren berbetan bietako nork moztuko zukeen belar gehiago, eta bazkari on bat dute jokoan. Azkenean, euren arteko apustua lagunen artera zabaldu da, eta goiz pasa ona egiteko aitzakia aproposa bilakatu da", adierazi digu Iñakik.

Sega vs makina
Iturbek eta Zuazubiskarrek ez dute, baina, belarra baldintza berdinetan moztuko. Javierrek sega erabiliko du, eta Josuk sasi-garbitzeko makina: "Hotel ondoan dugun lur-sail bat neurtu dugu, eta ikusi egin beharko da bietako nork amaituko duen lana lehenengo. Gutxi gorabehera ordu erdiko lana izango dute".
Bihar, eguraldiari begira egongo dira: "Eguraldiak apustua baldintza dezake. Euria egiten badu, aterrune baten zain egongo gara apustua egin ahal izateko".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak