Unai Elorriaga eta Koldo Izagirre, Literaturjauzietan

Ander Monedero 2011ko maiatzaren 10a

Aurten, 25 urte bete dira AEDk euskal literatura bultzatzeko Arrasate literatur lehiaketak eta Jokin Zaitegi itzulpen sariketa ekimenak martxan jarri zituela. Ekimen horiez gain, aurreko urtean, Literaturjauziak izeneko ekimena antolatu zuen lehen aldiz, herritarren artean euskarazko irakurketa bultzatzeko, eta iniziatiba horrek jarraipena izango du. Maiatzaren 21etik 27ra bitartean izango da eta bost ekitaldiz osatuta egongo da.  

AEDek antolatutako lehenengo ekitaldia mikrotestuen tailerra da. Unai Elorriaga idazle getxoztarrak gidatuko du maiatzaren 21ean. Ikastaroak 10 euro balio ditu eta AEDn eman behar da izena maiatzaren 18a baino lehen. Elkarteko bazkideek deskontuak izango dute.

Maiatzaren 24an, Koldo Izagirrek Autopsiarako frogak izeneko saiakeraren aurkezpena egingo du Kultur Ateko areto nagusian. Hurrengo egunean, maiatzaren 25ean, 30 herritarrek irakurraldi herrikoia egingo dute Seber Altube plazan, eta irakurketarekin batera, bigarren eskuko liburu eta cd azoka egingo dute.

AEDren antzerki tailerreko kideek Leiduteko irrikaz izeneko kale antzerkia egingo dute maiatzaren 26an herriko alde zaharrean. Eta Literaturjauzien bigarren edizioa ixteko, Liburuak aske izeneko ekimena izango da.

Herriko txoko desberdinetan, liburuak utziko dituzte nahi duenak hartu, irakurri eta ondoren, berriz ere herriko txoko batean uzteko. Guztira, Susa, Alberdania, Elkar, Txalaparta, Erein eta Pamiela argitaletxeetako 50 liburu askatuko dituzte maiatzaren 23an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak