Bost urteko kartzela zigorra mondragoetar bati, gizonezko bat egurtu eta mehatxatzeagatik

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 10a

Bost urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako fiskaltzak bere borondatearen kontra gizonezko bat garaje batera eroan eta egurtzeagatik.

Efe berri agentziak aditzera eman duenez, 2009ko udan gertatu zen. Akusatua biktimaren etxera joan eta bortizki atera zuen handik. Indarra erabiliz, auto batean sartu zuen eta gazte lokaletarako erabiltzen den garaje batera eroan zuen. Behin garajean, eta betiere fiskaltzaren arabera, gizonezko arrasatearrak biktima egurtu zuen eta, ondoren, mangera batekin busti.

Fiskaltzaren arabera, biktimak 300 euroko zorra zuen haren bikote izandakoarekin eta erasotzaileak behin eta berriz kolpatu zuen biktima, honek 300 euroko zor hori ordaindu ziezaion.

Beste behin, Arrasateko taberna batean, lepotik heldu eta dirua itzultzeko eskatu zion eta ukabilkadak ematen hasi zitzaion.

Ospitalean zela, mehatxuak

Biktima ospitalean zela, erasotzaileak telefonotik deitu eta mehatxu egin zuen, esanez, salatzen batzuen "bazekiela zer gertatuko zitzaion". Mehatxu hori, ospitalean ziren ertzain bik entzun zuten.

Beste behin, 300 euro zor zizkiola-eta, salaketa jartzera ertzaintzaren komisariara joatera behartu zuen biktima. Eta egun batzuk geroago, kalean ikusi, eta berriz ere mehatxuka hasi zitzaion.

Bost urte eta 7.200 euro

Fiskaltzak uste du gertaera hauek guztiak delitu direla: hain justu ere, legez kanpoko atxiloketa, lesioak eragitea eta mehatxuak egitea leporatu dio akusatuari eta bost urteko kartzela zigorra eskatu du. Horretaz gain, 20 egunetan uneoro lokalizatuta egotea eta beste 7.200 euroko isuna.

Gertaera hauek guztiak datozen egunotan epaituko dituzte Donostiako epaitegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak