Europako azken tximua, arrasatearra

Arritxu Barruso 2011ko maiatzaren 7a

Avaro Arrizabalagak Lezetxikin 2010ean egindako indusketak amaitu ostean GOIENAri esan zion denbora batera "sorpresak" egon zitezkeela.

Euskal Herriko Unibertsitateko maisuak eta Lezetxikiko indusketen zuzendariak bazekien zer esaten zuen. Aztarna garrantzitsua topatu berri zuten, baina albistea eman aurretik egin beharreko azterketa eta pasatu beharreko froga guztiak pasatu behar ziren. Horiek guztiak eginda, orain bai, Alvaro Arrizabalak argi eta garbi esan dezake Euskal Herrian bizi izan zen azken tximuaren arrastoa topatu dutela. Ameriketako Estatu Batuetako Journal of Human Evolution aldizkari ospetsua izan da Arrasateko aurkikuntzaren berri eman duena.

Europako azkena izan daiteke
Arrizabalagak aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu du: "Oso  garrantzitsua da lortu duguna. Ez litzateke bakarrik izango Euskal Herriko azken tximinoa, Iberiar penintsulakoa ere bai, eta orain arte topatutako aztarnen arabera Europako azkena ere bai, seguruenik. Aurkikuntzaren garrantzia hor dago, bere datazioan oso berria dela. Sei tokitan bakarrik aurkitu dira horrelako aztarnak. Beraz, pentsa!".

Hegazti batek jandako tximua
Arrizabalagak kontatu digu aurkikuntzak ezustean harrapatu zituela eta ordu batzuk kosta zitzaiela tximuaren beheko masailezurra zela asmatzea. "Kalkulatzen dugu aztarnak 120.0000 urte inguru izango dituela. Macaca Sylvanus espeziearena da, gaur egun Gibraltarren dagoen tximinoa. Aurkitutako tximua Pleistozeno garaikoa da eta Gipuzkoako basoetan bizi izan zen. Dena dela, uste dugu ez zela Lezetxikin hil. Uste dugu hegazti harrapari batek hartu eta Lezetxikira eraman zuela bertan jateko. Emea dela pentsatzen dugu", azaldu digu arkeologoak.

Mundu mailako oihartzuna
Nazioartean oso ezagun bihurtu da Lezetxikiko kobazuloa eta azken urteetan aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte bertan. Urte gutxian amaitzea aurreikusten zen indusketek hamaseigarren urtea beteko dute aurten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak