Zarata eta uhin elektromagnetikoen aurrean zer egin daitekeen proposatu diote 2.779 ikaslek udalbatzari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 5a

Eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan Arrasateko ikastetxe guztietako –Arizmendi, Arrasate Institutua eta Arrasate Herri eskola– 6 eta 18 urte arteko ikasleek 2010-2011 ikasturtean egindako proiektua aurkeztu diote udalbatzari. 2.779 ikaslek hartu dute esku proiektuan. Ikasle, irakasle eta gurasoz bete den pleno aretoan  zarata eta uhin elektromagnetikoek eragin ditzaketen kalteen aurrean zenbait neurri proposatu diote osokoari. 

Egindako ikerketaren ondorioei dagokienez, neska-mutikoek –ikasle ezberdinek bozeramaile lanak egin dituzte– adierazi dute arrasatearrek uste dutela, oro har, zarataz inguratuta bizi direla: "Lekuaren, egunaren eta orduaren arabera izaten da. Jende askorentzat zaratatsuenak erdialdea, lantegiak eta errepideak dira. Baina, orokorrean, ohituta gaude" esan du Gazteluondoko Izar Ruiz de Austrik. Bestalde, uhin elektromagnetikoen gainean, ikasleek aditzera eman dute herritarrek "oso gutxi" dakitela, adibidez, wi-fi sistemak osasunean sor ditzakeen kalteei buruz.

Proposamenak

Besteak beste, Arrasateko gaztetxoek proposamen hauek egin dizkiete udalbatzako kideei: garraio publikoa eta bidegorriak bultzatzea, errepide bazterretan panel akustikoak edota landaretza jartzea, udal ordenantza ondo aplikatzea eta betetzen ez denean isunak jartzea, sentsibilizazio kanpainak antolatzea edota jaietan musika baxuago eta ordutegia zaintzea, eta barraketan musikaren bolumena jaitsaraztea.

Udalbatza, pozik

Udalbatza osoak, talde bakoitzeko zinegotzi banak –EAJ ezik, ez delako zinegotzirik agertu– bere adierazpenak egin ostean, ikasle eta irakasleak zoriondu ditu egindako lanagatik: "Oso ondo dago guretzako nahiko arrotza den gaiaren gainean, hau da, zarata eta uhin elektromagnetikoen gainean, ikasleak gazte-gaztetatik kontzientziatzea, hori oso positiboa da", adierazi du Ino Galparsoro alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak