ELA, LAB eta UGT sindikatuak ari dira protesta honetan. Eskatzen dute jantokietako sukaldeetako Ausolaneko langileen soldata hezkuntza saileko langileen soldatekin parekatzea, besteak beste.
Gaurko bilkurarekin Ausolan enpresari eta, gaur bereziki, euren esanetan zerbitzuaren gorengo arduraduna den Jaurlaritzari eskatu gura izan diote dagoeneko 20 lanuzte egun eragin dituen lan-hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko.
Eskari bera egin diote enpresari, gaur bertan, bilkura aurretik arduradunekin enpresa batzordeko kideek egin duten bileran. Mahaian jartzeko eta modu onean negoziatzen jarraitzeko eskatu dute langileen ordezkariek. Enpresak konpromisoa hartu omen du eskakizuna Bizkaiko eta Arabako gainerako enpresei helarazteko. Datorren martitzenean izango dute beste bilera bat bi aldeek, eta egoerak hobera egingo duen desioa agertu dute langileek. "Bestela, kurtsoa jangela gabe amaituko da", adierazi dute.
LAB sindikatuko delegatu Maribel Alberdik gaurko protestan adierazi du gatazka honetan arduragabekeria handiz jokatzen ari dela Eusko Jaurlaritza. Eurekin biltzeko ere ez omen dute aukerarik izan, askotan eskatu arren. Jantokietako arazoaren inguruan, Hezkuntza sailak ateratako azken agindua gogor kritikatu du Alberdik.