Aurtengo denboraldian lortutako “emaitza onak” kontuan edukita, Ford Mugarrik 1. mailara igotzeko azken ahaleginak egingo ditu gaur, bihar eta etzi, Bartzelonako Montcada i Reixac herrian jokatuko diren partiduetan.
Orgazen mutilak Montcada (Katalunia), Santa Fe (Balear Uharteak) eta Puig D´en Valls-eko (Andaluzia) taldeen aurka lehiatuko dira, hurrenez hurren, igoera faseko partiduetan. Orgazen esanetan, “aurkariak gogorrak dira” baina taldeak “ahal duena” egingo du partiduak bere egin eta lehenengo postuan geratzeko. Izan ere, lehenengo postuan geratuz gero, arrasatearrak automatikoki 1. mailara igoko lirateke. “Zaila da baina saiatu egingo gara”.
Aurkari "gogorrak"
Lehenengo partidua bihar 21:15ean jokatuko du Ford Mugarrik, Montcada taldearen aurka. Etzi aldiz Santa Fe-rekin lehiatuko dira arrasatearrak, 18:30ean. Eta domekan, azken egunean, Puig D´en Valls-ekin nor baino nor arituko dira, 13:00etan. Emaitzak eskuetan dituztela, azken egun horretan erabakiko da zein talde pasatzen den 1. mailara. Baina bigarren geratzen denak ere lehenengo mailara igotzeko bigarren aukera bat edukiko du. Igoera faseko bigarren zati hori maiatzaren 20 eta 22 artean jokatuko da.
Zailtasunak zailtasun, 1. mailara igotzeko aukera ez dutela baztertzen argitu du entrenatzaile arrasatearrak. “Aukera horren bila goaz, lehiatzera goaz”.
Horregatik, taldea gogor entrenatu da azken egunotan. “Egunero-egunero ibili gara entrenatzen eta jokalariak ilusioz daude”.
Orain arteko helburuak beteta, gertatzen dena gertatzen dela ere taldea “pozik” dagoela dio Orgazek. “Helburu guztiak bete ditugu aurten eta orain, denaren gainetik, dibertitzen saiatuko gara".