Egon direnek ederki pasa dute San Andresko jaietan

Txomin Madina Milikua 2011ko maiatzaren 2a

Asteburuon adin eta gustu guztiendako antolatu diren ekitaldietan giro bikaina egon da

Atseden gutxi egon da asteburuon egindako Arrasateko San Andres auzoko jaietan. Egubakoitzean hasi zen festa auzoko gazteen bazkariarekin. Gauean, La Madriguera, Lord Witch eta Despierta McFly rock doinuak izan ziren nagusi.

Herri bazkarian, bildotsa

Atzo herri bazkaria egin zuten ia ehun lagunek, eta menua ez zen nolanahikoa izan: bildotsa entsaladarekin. Bildotsa gainera, lekuan bertan egin zuten burduntzian.

Eguraldia bera nahiko ondo portatu den arren, atzo arratsaldean Hiruki plazan aurreikusita zegoen umeendako antzerki emanaldia Gudarien plazan egin behar izan zuten. Euria baina, ez zen oztopo izan gauean Emon eta Transit Blues taldeen doinu dantzagarriekin gorputza astintzeko.

Domeka gogorra

Gaurkoa egun betea izan da: Gudarien plaza herri kirolek eta artisauen feriak hartu dute, eta  80 urtetik gorako auzotarrek bazkaria izan dute. Adrian Pinillosek eta Herminia Pugak, bazkariko edadetuenek, opari berezia jaso dute bertan.

Gorriti eta bere animalien, antzerki musikalaren eta umeendako txokolate-janaren ostean, etxafuegoekin bukatu dituzte jaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak