Juan Karlos Garitano, Arrasateko EAJren alkategaia: "Guztiok egon behar dugu hauteskundeetan, herritarrek erabaki dezatela"

Goiatz Arana Begiristain 2011ko apirilaren 29a

Arrasateko EAJren alkategaia da Juan Karlos Garitano. Urte luzeak daramatza politikan, baina ez da nekatu; gure herria maite duela eta politikak sentipen hori ekintza bihurtzeko bidea ematen diola dio. Alkate irteten bada, gainerako alderdiei eta Arrasateko herriari entzutetik hasiko dela kontatu digu.

Soslaia

Juan Karlos Garitano da EAJren Arrasateko zerrendaburua. 61 urte ditu eta antzuolarra da. Ingeniaria ikasketaz, aurre-jubilatua dago egun. Ezkonduta dago eta bi semeren aita da.

Diozue Arrasatek aukerak bezainbeste erronka dituela aurrera egiteko. Zeintzuk dira, EAJren ustez, erronka nagusi horiek?

Nik uste arlo guztiak alderik alde eta barreneraino ukitzen dituen gertaera nagusi bat ari dela ernetzen: bakea. Bake ezak eta indarkeriak, sufrimendu handia eta energia ugariren galera ekarri du urtetan. Orain bakearen landare hau zaindu eta haztea da gure erronka printzipala. Politika beste era batera egitea eskatuko digu eta izango dugu zeregina franko. Politika berri hori eskaintzera gatoz EAJ-PNVko taldea.

Nik esaten dut Arrasateri bostEkoa ematera gatozela: Errespetua, Elkarrizketa, Elkarlana, Elkartasuna, Erabakia. Errespetuak izan behar du udal politika osoaren arnasa; Elkarrizketa, desadostasunak konpontzeko eta akordioak lortzeko, hitza bera desarmatuz; Elkarlana, kooperatiben habian, Arrasate honetan, udal barruan eta erakunde publikoen artean, herritarrekin eta Arrasateko arlo pribatuarekin; Elkartasuna, lehiakortasunean elkartasunez jokatzea delako aurrerapenaren giltza, elkartasuna beharrean aurkitzen direnen alde, eta elkartasuna politikan ere Euskadiren herri-eskubideen alde, PSE-PP frenteari aurre eginez; eta Erabakia, Arrasate Euskadiren erabakitzeko eskubidearekin bat egitera bultzatzeko, gure geroa Euskadiren geroari lotua dagoelako. Hori da Arrasateko herriari luzatzen diogun bostEkoa.

Herrian guztiok ezagunak gara. EAJ-PNVk politikan hitza eta demokrazia bakarrik direla libre esan zuen orain 30 urte, eta bide baketsuak eta indarkeria ezin zirela ezkondu. Euskal gizartearen gehiengo zabalak bere egin du urtez urte aukera hori eta, azkenean, ezker abertzaleak ere bai. Hala etorri da ETAren su-etena. Orain, guztiok egon behar dugu hauteskundeetan eta herritarrek erabaki dezatela. Herriak ezagutzen gaitu, badaki bakoitza nor den. Eta badaki baita ere euskal erakundeak ondo gobernatzeko gai dena Eusko Alderdi Jeltzalea dela. 

Arrasateko aparkalekuen arazoa, oro har, eta ospitale ingurukoa, bereziki, behin eta berriz salatu ditu Arrasateko EAJk. Zein da irtenbidea zuen ustez?

Oraintxe egin beharrekoa da, luzamendutan ibili gabe, behin-behineko aparkalekua. Bota berri duten etxeak 2.000 metro koadroko lur zorua utzi du libre, eta hor 100 bat autorentzako aparkalekua molda daiteke; eta bestetik, gaur egun ospitaleko langileek erabiltzen duten tokian, beste 99 autorentzako tokia dago, eta langileek eraikin berrian egindako aparkalekua erabil dezakete.

Beste irtenbidea epe luzerakoa da, behin-betikoa: lurpeko aparkalekua eraikitzea, Osakidetzarekin itxi gabe dagoen akordioa eginez.

Herriko pintada eta pankarten "arazoa" ere salatu izan du Udaleko EAJk…

Baketzen ari den herriaren aurpegia erakusten hasi behar dugu. Kale eta hormak garbitu eta zaintzea gure arteko bizikidetza bere onera ekartzeko ahaleginaren ispilu izango da, eta Arrasateren jokaera etikoa neurtuko du, hein batean, Arrasateren estetikak.

Udalak inbertsioak egiteko margen txikia duela esaten ere entzun zaituztegu...

Kontuz ibili behar dugu gastu arruntarekin, ez igotzeko eta inbertsiotarako ahalmena handitzeko. Beti ibili behar izaten da kontuz gastu arruntarekin eta krisialdian are gehiago, hurrengo agintaldiko beste erronka handia ere krisiari aurre egitea izango baita. Gainera, gauza izan behar dugu, zuzenean edo zeharka, Udalak inbertituko duen euro bakoitzeko gutxienez bost eskuratzeko. Bestetik, Diputazioak 3’3 milioi euro bideratu ditu Arrasateko eta Debagoieneko 19 enpresatara eta Mondragon Unibertsitatera. Horrek 6 milioi euroko inbertsioa eragingo du eta bistan da gure herriaren onerako izango dela. Hori da bidea, elkarlana.

Horiez gainera, zein premia nagusi ikusten dizkiozue Arrasateri?

1.300 pertsona baino gehiago dago lanik gabe Arrasaten. Hezkuntza eta enpresa alorrekin batera, Diputazioarekin eta beste erakundeekin elkarlanean, erantzun egin behar diogu arazo horri, pertsonena ez ezik Arrasate osoarena ere badelako. Pabiloi ugari dago hutsik eta asmatu egin behar dugu nola jarri martxan, enpresagintza bultzatuz.

Bestetik, ekonomia lehiakorrean adina giza elkartasunean jokatzen da Arrasateren aurrerapena. Elkartasuna, beraz, adinekoei eta etorkinei laguntzeko. 65 urtetik gorako pertsonak arrasatearron %20 direlarik, etxean igogailuak jartzen eta bainuak egokitzen lagunduko diegu. Erroldaren arabera, 1.000 etorkin baino gehiago bizi dira Arrasaten azken urteotan munduko 55 herrialdetatik etorrita. Guztion arteko elkarbizitza zuzen eta duina bilatuko dugu, elkartasun neurriak eta euskal nortasunean errotzeko politika eraginez. 

Programaren ardatz nagusiak, alorrez alor eta labur-labur: Gazteria, Kultura, Euskara, Kirola, Gizarte Ongizatea, Hirigintza...

Gazteria: Belaunaldi gazteari bereziki bostEkoa emango diogu eta eskatu ere bai, hezkuntza arloarekin elkarlanean. Bestetik, gazteak euren onena emateko sasoian daude: gazteen ekimena, prestakuntza eta eskuzabaltasuna sustatzeko udal politika egingo dugu.

Kultura: Arrasate Musikaleko 600 ikasleek eta 34 irakasleek eta Goikobaluko abesbatzetako 145 ahotsek egoitza egokia behar dute, eta gogotik saiatuko gara Musika Etxea egi bihurtzen, Erloju eraikinean kokatuz.
 
Kirola: Kiroldegiari heldu beharra dauka Udalak, kudeaketa eraginkorra lortu eta herriari benetako zerbitzu bat eskaintzeko. Kirolarekin zerikusia duten herriko eragile guztien artean, Arrasateko Kirol Sistema egituratu beharra dago; baita Besaide Mendizale Elkartearekin batera, Arrasateko Eraztunaren eta bide-adarren egitasmoa gauzatu beharra ere.  

Ingurumena: Klima aldaketari aurre egiteko Europako Batzordearen Alkateen itunarekin bat egiten dugu eta energia egoki erabiltzeko nahiz autoa neurriz ibiltzeko politika bideratuko dugu. Bestetik, San Josepe harrobia biziberritzeko lan egingo dugu. 2006ko Arrasate iraunkorra ekintza-plana berrikusiko dugu.

Merkataritza: Merkatu Plaza berrituko dugu, eta baserritarren jarduera babesteko eta denda txikiek aurrera egiteko neurriak hartuko ditugu. Merkataritzarako Udal saila sortuko dugu.

Zer da herritik gehien gustatzen zaizuna?

Santa Barbara eta Monterrongo natur parkeak, gure Udalaitz ikusgarria eta bidegorriak.

Eta gutxien?

Gaur egun hutsik ageri diren pabiloiak eta dendak, lanik gabe dauden pertsonen egoera zaila adierazten dutelako.

Zergatik zaude politikan?

Gure herria maite dudalako eta sentipen hori ekintza bihurtzeko bidea ematen didalako. Eta herria diodanean, Arrasate esan nahi dut, Gipuzkoan kokatua eta Euskadiko herria, euskalduna eta euskaltzalea.

Urte luzeak daramatzazu, gainera. Ez zara nekatu?

Ez, nahiz eta kontrako indar handiak izan ditugun eta dauzkagun. Herri honen etorkizuna guri dagokigu finkatzea, eta jeltzaleok eta abertzaleok ez dugu eskutik utziko.

Zelako herria nahiko zenuke?

Orain arte hartu dugun Arrasateren onenari segida emango dion herria nahi dut, elkar-langilea eta sortzailea, eta guztion arteko elkarbizitza eraikitzen asmatuko duena, bakearen kulturan heziz eta haziz, begirada solidarioa izango duena, eta nonahi gabiltzalarik, euskaltasuna erakutsiko duen herria.

Alkate irteten bazara, zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?

Lehenik, entzun: alderdiei entzun eta Arrasateko gizartegileei entzun. Eta hortik aurrera, lanerako giroa jarri elkarrekiko errespetuz. Gero gerokoak.

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena? Portaloia.

Herritar bat? Jose Maria Arizmendiarreta, Markinako arrasatearra.

Pertsonaia historikoa? Jose Antonio Agirre, Euskadiko aurreneko Lehendakaria.

Telebistako saio bat? Goiena telebistako Tertulia, eta nahiago nuke horrelako gehiago balira beste telebistetan. Dokumentalak eta kirol saioak ere gogoko ditut.

Sare sozialetan ibiltzen zara? Non? Facebooken.

Irakurri duzun azken liburua? El futuro nos pertenece, Ibarretxe Lehendakariaren memoria politikoak.

Egunkaririk erosten al duzu? Noticias de Gipuzkoa.  

Eta irakurtzen? Zein? Goiena, DV, El País, Expansión eta Cinco Días.   

Interneten zertan ibiltzen zara? Orain –hauteskundeei buruzko berriak jakiteko–, eguneroko kudeaketari buruzko informazioa bilatzen. Oporrak antolatzen ere bai.

Ze webgune bisitatzen duzu? Markelolano.net blogean, Mondraberri-n eta Goiena.net-en murgiltzen naiz gehien. 

Ikusi duzun azken filma? El discurso del Rey.

Abesti bat? Loretxoa.

Mania bat? Atea itxi ondoren, itxi ote dudan berriro begiratu arteko onik ez dut izaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak