Agur Julio Galartari

Xabier Urtzelai 2011ko apirilaren 27a

Joan den astelehenean hil zen Julio Galarta margolari arrasatearra, 94 urterekin. Hala, euskal pinturak azken urteotan izan duen ordezkaririk adierazkorrenetakoa galdu du. Ekainean omenaldia egingo diote.

Omenaldi hori egitea lehenagotik zegoen aurreikusita, San Juanen bueltan egiteko aurreikusi zuten haren ikasle eta miresleek, baina tamalez, hil osteko omenaldia izango da.

Hauek dira Jose mari Velez de Mendizabalek bere blogean Arrasateko idazlearen gainean idatzitako lehen lerroak: "Euskal pinturak azken urteotako bere ordezkaririk adierazkorrenetakoa galtzen du. Ez dira debaldeko hitzak, inondik ere. Julioren ibilbidea jarraitu duenak jakin badaki zein nolako maila izan duen Galartaren arteak eta zein nolako ekarpena burutu duen arrasatearrak euskal mundu artistikoan, muga guztien gainetik".

Blogean bertan Galartari egindako hainbat elkarrizketa aurkituko dituzue.

Biografia

Aita Aretxabaletako Arienza baserrikoa eta ama Garagarza auzokoa zituen. Julioren gurasoak San Andres auzoko Etxaburu baserrira ezkondu eta seme bakarra izan zuten. Jaio Zizurkilen egin zen; jaioberria zela Eibarrera joan eta bi urte geroago Arrasatera itzuli ziren. Arrasaten, haurtzaindegian egon zen urte pare batez. Gero beste urte pare bat mertzedaria mojekin egin zituen, eta gero 14 urtera arte eskola publikoan ibili zen.

Udaleko beka batekin "maestría" ikasten hasi zen, baina gerrak ikasketok eten zizkion. RONEO lantegiko bulegoan egin zuen lan jubilatu arte. Lantegiko baimenarekin Arte Ederren ikasketak egin zituen Bartzelonan. Margolaria afizioz, hainbat erakusketa egin zituen bai Euskal Herrian eta baita Katalunian. (Informazioa: ahotsak.com)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak