Musakolako igerilekua zabalik

Irati Goitia 2011ko apirilaren 27a

Astelehenean ireki zituen ateak berriro Musakolako barruko igerilekuak, ia hamaika hilabetez itxita egon ostean. Zehazki, aurreko urteko ekainaren 15ean hasi zituzten barruko igerilekuko lanak eta ordutik egon da itxita.

Bi konponketa handi egiteko itxi zituzten barruko igerilekuak: igerilekuen sakonera txikitzeko eta igerilekuak inpermeabilizatzeko. Baina obrak egiten zebiltzala ezustean ohartu ziren igerilekuko sabaiaren egoera oso kaskarra zela. Hain zuzen, sabaia konpondu behar horrek eragin du igerilekuko obrak orain arte luzatzea.

Igerilekuko lanekin, besteak beste: txikitu egin dute igerileku handiaren sakonera.1,80 m. da orain gehienezko sakonera; erdian 1,60 m. ditu eta izkinetan 1,20 m. Obra egin aurretik, berriz, 1,80 eta 2 m. ingurukoa zen sakonera. Horri esker, metro kubiko ur asko aurreztuko dituzte, eta, jakina, baita ur hori berotzeko kontsumoa ere.

Sakonera txikitzeaz gain, beste aldaketa batzuk ere egin dira, esaterako: igerileku handian kale bat gehiago jarri da, zorua konpondu da, hormak margotu dira eta dutxa berriak jarri.

Igerilekuak zabaltzeaz bat, bertako ikastaroak abiaraziko dituzte, maiatzaren 2an. Dagoeneko eman daiteke izena horietan parte hartzeko; kiroldegian egin behar da hori. Igerilekuko bonua ere egin daiteke. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak