Joxe Etxeberria, Arrasateko Aralarreko alkategaia: "Herrian barne-konexioa eta garapen orekatua lortzea da gure ardatz nagusia"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2011ko maiatzaren 2a

Istripua izan zuenetik gurpildun aulkia eta mankuluak ditu lagun Joxe Etxeberriak, eta hirigintzako obrak zuzentzen dituzten teknikarien ondoan uneoro gurpildun aulki bat jartzeko gogoa ematen diola aitortzen du. Baita beste legealdi baten parte hartzeko indarra duela ere. Erdigunea komertziorako eta gune zabal bat izan behar dela uste du bere alderdiak eta horretarako nolabaiteko irtenbidea, TAO sistema litzatekeela. Elmako bulegoen eraikinean, kultura inguruko elkarteendako bilgunea izatea ere proposatzen du Aralarrek bere programan.

Soslaia

Joxe Etxeberria, jaiotzez Berastegiarra den arren, aspaldi arrasateartuta dagoela esan dezakegu; 14 urte zituela Eskola Profesionalera  Maisu Industriala ikasketak egitera etorri zenetik bertan geratu zen. 60 urte ditu, eta urtebete dela izandako istripuaren ondorioz, egun, "inbalideza /ezintasuna" eskuratuta du, bi urtetarako berrikusketarekin. Aurretik urte asko egin zituen lan fundizioan, Elma lantegian; gero Aguraingo Atusa lantegian jardun zuen, modeloak egin eta fundiziorako hainbat diseinu egiten. Ezkondua eta bi seme-alaben aita da.

Zer moduz zaude? Beste legealdi bati heltzeko indarrez?

Bai, bai. Orain urtebete eskas ez nengoen ezertarako, gaur egun animatuta nago beste ekitaldi batetarako.

Atrebentzia ez, bada, kontaiguzu zer gertatu zitzaizun...

Labur esanda, erorketa bat izan nuen eta erorketa horren ondorioz, lepoa baino beherago ernia diskal bat atera zitzaidan nahiko txarra; derrigorrez operatu behar zela esan zidaten tetraplegia izateko arriskua nuelako eta azkenean arrisku hori kentzearren, operazioan medula ukitu eta egoera horretan utzi ninduten.

Zelan sentitzen zara orain?

Ondo, hasiera batetan aukera egin behar zen aurrera egin edo ez eta aukera txikiena eman zutenez eta inguruari begiratuta, erabakia izan zen aurrera egitea. Behin erabakita, ahaleginak egin behar dira horretan, gau eta egun.

Errekuperatuta?

Oraindik errekuperatzeko bidean. Noraino iritsiko den inork ez daki. Orain dela urtebeteteko egoerarekin, konparatzerik ez dago. Hobekuntzarik sentitu bitartean, aurrera egin beharra dago.

Politikarako grinak aurrera egiten lagundu zizun?

Ez, ez, momentu horretan ez da politikan pentsatzen. Gehiago pentsatzen da zure inguruan, emazte, seme-alaba….

Eta poltikagintzarako beste begi batzuk zabalarazi zizun istripuak?

Esango nuke ezetz. Lehenik ere bagenuen oztopo arkitektonikoen inguruan ardura. Eta egoera horrek oraindik argiago ikustarazten dizu; gogoa ematen dizu horrelako obrak zuzentzen dituen teknikoen ondoan, uneoro gurpildun aulki bat jartzeko. Uneoro.

Irisgarritasunari dagokionez, zure ustez eta zure ikuspuntutik, nola dago herria?

Gauza mordoxka bat egin dira eta egiteko programak ere badaude, baina ez dago ondo. Batetik, herriaren zati batzuk, aldapatsuan daudelako eta bestetik, batzuetan, irizpideak ez direlako batuak izan (adibidez: batzuetan espaloiak jaitsi eta beste batzuetan errepideak igo…) eta hor irizpide garbiago batekin berba egin beharko genuke.
 
Zer bota duzu faltan? Zer hobetu ahal da?

Gurpildun aulkientzako leku zabalagoak, koxka gutxiago. Detaile txikiak takien-takien faltan daude, Arrasaten, inguruko herrietan eta baita hiriburuetan  ere. Faltan botatzen dira gurpildun aulkiak ibiltzeko leku zabalagoak eta koxka gutxiago. Horrelako detaileak sarritan agertzen dira bidean.

Kotxeak... gaizki aparkatuta egotearren trabak "sufritu" behar izan dituzu seguru.

Baita, hori ere bai; baina traba hori ez dugu gurpildunok bakarrik sentitzen. Ulertzen ez dudana da, oinezkoendako bideak kotxez beteta ikustea. Tripako-mina  sortzen dit. Oinezkoendako dira edo ez.

Aparkalekuetara bideratzen gaitu azkeneko erantzun honek. Programako ardatz nagusietako bat duzue TAO sistema. Zer proposatzen du Aralarrrek?

Nik ez nuke esango programako ardatz nagusia denik; gure ardatz nagusia da herrian barne-konexioa eta garapen orekatua lortzea. Horrekin lotuta dator TAO sistema planteatzea. Ez dugulako lortzen herri barruan kotxearen mugikortasun logikorik; hau da, goizean lanera datorrenak egun osorako okupatzen du aparkalekua erdigunean, beste inori aukera kenduz. Erdigunea komertziorako eta gune zabal bat izan behar dela uste dugu. Nolabaiteko irtenbidea, bada, TAO sistema litzateke, nahiz eta Udalarentzako kostu bat izan, jendeari erakutsi behar zaio, herrigunera etorri, egin beharrekoak egin eta kotxea mugitu egin behar dela, beste batzuei ere lekua egiteko.

Programa aurkeztu baduzue ere, Aralarko alkategaiaren ikuspuntutik, zeintzuk dira ardatz nagusiak?

Ardatz nagusia, barne-konexioa eta garapen orekatua denez, horrekin lotuta daude hirigintzarekin lotutako hainbat puntu: egitamu orokorra berrikusi egin behar da, horrela tokatzen delako eta berrikusketa horretan atentzioa jarri behar da batez ere berritu behar diren guneak modu egokian berritzeko herria gehiago zabaldu gabe eta aurrez egitamu orokorrean jarritako hainbat irizpide berriz begiratuz. Bide horretatik Aralarrek proposatzen duena da, gune berriak egin beharrean (Garagartzan etxebizitza gehiago egitea kasu) dauden guneak (San Josepe gunea, esateko) aztertu eta egin-beharreko moldaketak egitea.

Barne-konexioa esaten dugunean honakoak ere sartuko genituzke: merkatal gune irekiaren kontzeptua lantzea; etxebizitza sozialaren planteamendua (alokatutako etxebizitza sozialaren alde egiten dugu guk); bide gorrien zirkuitoa ere atal honetan sartuko genuke, hau da, bide gorri zatiak egin diren arren, ez dago-eta euren arteko loturarik eta horrek  erabilgarritasuna mugatzen du.

Beste alor batzuk adieraztearren, honakoak ere gogoan izan nahi nituzke bata bestearekin lotuta daudelako, esateko: orain zabalduko duten  Eskualdeko Ospitala dela-eta, hor eskatuko genuke, inongo mozketarik gabe, behar guztiei erantzuteko.

Garapen sozial eta ekonomiko arloan ere eskatuko genuke langabetuei autoeraketa eta autogestio kontzeptuak ikastaroen bitartez lantzea.

Euskararen arloan, parte hartzea eta  elkarlana (Udalaren eta gainontzeko taldeen artekoa) bultzatzea nahiko genuke. Bakoitza bere aldetik ibilita, ezin gaur eguneko beharrei modu egokian erantzun.

Kultura arloan proposatzen dugu, besteak beste, Elmako bulegoen eraikinean, kultura inguruko elkarteendako bilgunea izatea; eta horretarako aldez aurretik,  hormak bota edo egin aurretik guztion artean (Udala zein kultura elkarteen artean) beharrak aztertu beharko lirateke eraikinaren antolaketa bateratu baten alde.

Hainbat alditan entzundako Antzokiaren zurrumurruekin dator, bada, proposatutako azkeneko hori?

Nik ondo ikusten dut Kafe Antzokiaren sistema baina horrek autogestioa eta elkarlana eskatzen du. Udalarena izango da laster eraikin hori. Legealdi hasieratik talde ezberdinek antolatu beharko dute eraikinaren erabilera; hori ez du Udalak egingo, baizik eta elkarteek. Ardura hori herritarrena eta elkarteena izan beharko litzateke; ez da egokia, Udalaren gain ardura hori uztea. Udalaren lana izango da gero, behar horiek bideratu edo bideratzen laguntzea.

Aurrera begirako asmoen parentesia itxi aurretik zerbait gehiago gaineratu gura zenuke?

Programan gazteriaren autogestioa ere bultzatzen dugu eta beste gai bati helduta, hondakinen auzia dago. Erraustegiaren aurka gaude eta horretarako eskatzen da hondakinak kudeatzea.
Kaleekin lotuta hainbat gauza agertzen dira: txakurren jabeek dituzten egin-beharrak, kaleen garbiketa…

Parte-hartzeari ere garrantzia handia ematen diogu. Gure artean galdu den printzipio bat da. Parte hartzea bultzatzeko herritarrak egon behar dira prest eta politikoek egin behar duguna da, parte hartzen utzi. Ahal den guztia parte hartzearen bitartez egitea dugu helburu. 


Herria bestela nola ikusten duzu garbiketa aldetik, esateko?

Herria nahiko garbi ikusten dut baina garbitzaileei gero eta lan gehiago ematen diogu,errespetu gutxi daukagu eta edozer gauza lurrera botatzeko joera dugu.
 

Eta segurtasun aldetik?

Ez nuke esango lehen baino segurtasun gutxiago dagoenik, ez da ehuneko ehunean segurua, baina nik uste, beldur horrekin ezin garela bizi.

Euskara kontuek bihotza ukitzen dizue, nola dago herria alde horretatik?

Geldialdian ikusten dut eta horri heldu egin behar zaio. Horrek bi fronte zabaltzen ditu: norbanakoarena eta erakundeen arteko bide adostuarena.

Aisialdiari dagokionez, nola ikusten duzu Arrasate?

Aisialdian hainbat ekimen badaude: kirol arloan esateko, eskertzekoa da kirol taldeek egiten duten ahalegina. Hor eskatuko nuke entzun ditudan hainbat gabezien kexak AUKEAren bitartez kudeatzea.

Aisialdirako nahiko ibilbide ere badaudela uste dut; hor bereziki, Gernikako ibilbidea aipatuko nuke.

Kulturan, nire ustez, eskaintza badago, nahiz eta kalean sarritan entzun ezer ez dagoela. 


Herritik zer duzu gustuko?

Leku bezala, Portaloia gustatzen zait, bilkura-gune delako. Gernikako ibilbidea ere oso gustuko dut, auzoen arteko lotura egiten duelako. Jendeari dagokionez, ekimen edo iniziatibadun jende asko dagoela Arrasaten. Horrek indara ematen dio herriari.

Txanponaren beste aldea orain.

Besteen alde hatzamar bat mugitzeko gai ez den jendea baina, era berean, kritikarako joera samurra duena, berriz, ez dut gustuko.

Alkate bazina, zeri helduko zenioke lehenengo?

Gabeziarik handiena, eta ez Udalaren partetik bakarrik, parte-hartzea antolatzea dela uste dut. Horretarako bi gauza egon behar dira: eskaintza, Udalari dagokio, eta bestetik, herritarrek egin behar duten parte hartzeko eskaera. Dauden bi demokrazioa modeloen artean, nik duda barik, Demokrazia parte-hartzailearen alde egingo nuke legealdi hasieratik.

Bi legealdi egin dituzu, nola baloratzen duzu zuk, edo zure alderdiak, egindako lana?

Gaitza ikusten dut, nota herritarrek zein beste alderdiek jartzen dutelako. Nire aldetik esan dezakedana da, ahalegindu garela elkar-bizitza ahalik eta onena eta garbiena egiten eta herritarrentzako hobekuntzak izango dituzten hainbat proiektu planteatzen, batzuk bidean gelditu badira ere. Zentzu horretan, aprobatu bat emango nioke nire buruari eta baita alderdiari ere.

 

Gertutik

Herriko txoko gustukoena: Aurrez esandako Portaloi; baina asko daude: Monterron, Gernika ibilbidea ...

Herritar bat: Bere eraginagatik, niretzat merito handia dauka Biterik, egin zuen lana eskolak sortzen eta eskola laikoen alde egindakoagatik.

Pertsonaia historiko bat: Herrikoa izan barik, kanpokoa aukeratuko nuke, autogestioa bultzatu izan zuena, Bakunin, eredutzat izan dudana.

Telebistako saio bat: Telebista gutxi ikusten dut, ahal dudanean, albistegiak ikusten ditut; parean tokatzen zaidana. Goizetan irratia, jaiki orduko, normalean Euskadi Irratia eta tarteka, Arrasate Irratia, eta gauetan telebista.

Egunkaririk erosten duzu. Zein? Asteburuetan Berria erosten dut eta batzuetan El Pais. Eta irakurri, Goiena beti; Egubakoitzekoa eta astelehenekoa ere bai, harpideduna naiz.

Internetez zelan moldatzen? Pendiente dudan ikasgaia da hori. Mail-a erabiltzen dut, hartzeko bidaltzeko baino gehiago. Webguneak berriz, Goiena.net eta Mondraberri.com. 

Irakurtzea gustuko? Bai, gustuko dut baina irakurtzeko izaten ditudan Udaleko paper guztiekin, denbora horretan joaten zaidanez, liburuak, oporretarako uzten ditut. Azkena irakurri nuena Mujeres con principios.

Zinemaren gainean zer? Astean behin Amaia antzokira joaten naiz. Gustuko antzokia dut.

Kantu bat? Abeslari bat? Hegoak ebaki banizkio. Eta abeslariak, euskaldunak asko: lehengoak, Laboa, Lete, Lertxundi….; oraingoei ere egiten diet kasu, Ruper… 

Mania bat? Beste batek erantzun beharko dizu hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak