Janari exotikoez gozatzeko eskaintza zabala Arrasaten

Oihan Vitoria 2011ko apirilaren 26a

Geroz eta gehiago dira jatorrizko herrialdea utzi eta Arrasatera immigratzea erabakitzen duten atzerritarrak. Azken urteotan, asiarrak, latinoamerikarrak, errumaniarrak eta pakistandarrak herriko kaleetan ikustea ohikoa bilakatu da.

Iritsi bezain laster lana topatzea da haien helburua eta askok negozio propioak irekitzen dituzte. Gaur egun, jatetxe asiarrak, pakistandarrak zein amerikarrak nagusitu dira gurean eta kanpoko jakiak arrasatearren artean gizarteratzea lortu dute. Horrela, gainontzeko jatetxeentzat konpetentzia zuzena bihurtu dira. 

Gran Muralla: krisia txinatarrek ere

Gran Muralla jatetxeko txinatarrak Arrasatera immigratu zuten lehenengoak izan ziren. Madrilen eta Sevillan hainbat saiakera egin ondoren, 1994. urtean Arrasatera iritsi ziren eta berehala zabaldu zuten Zarugalde kalean kokatuta dagoen jatetxea.


Hasiera batean, martxa hartzea kosta bazitzaien ere, urteen poderioz arrakasta handia lortu dute. "Jende asko etortzen da janari txinatarra dastatzera eta behin probatzen duenak errepikatu egiten du. Dena den, urte honetan ekonomia krisiaren eragina igartzen ari da" adierazi du Xiao Fen Yin jatetxeko arduradunak. Gainera, Fen Yin-en esanetan, azkar eta erraz integratu dira herriko kulturan eta ez dute inoiz inongo arazorik izan arrasatearrekin.

Egun, Dragon Oriental izeneko beste jatetxe txinatar bat ere badago Arrasaten, San Andres auzoko Araba Etorbidean (BM supermerkatuaren alboan).

Kebab Boliñete: bailara osotik

Kebab Boliñete jatetxekoek, aldiz, urtebete daramatzate Arrasaten. Mubashar Nawaz eta bere aita Pakistandik Euskal Herrira etorri ziren negozio familiar bat irekitzeko asmoarekin.

Hori horrela, duela hilabete batzuk Zarugalde kaleko Boliñete Erretegiaren lokala erosi eta bertako sukaldea egokitu zuten, janari turkiarra prestatzeko aparailuak jarriz.


Pozik daude aurreneko hilabete hauetan jendearen erantzunarekin. "Arrasatearrek oso ondo hartu gaituzte. Hasieran pixka bat itxiak izan arren, harreman onak egiten ditugu" goraipatu du Nawazek. Kebab Boliñeteko sukaldariak azaldu duenez, batez ere etxez etxe lan egiten dute: "Bailarako herri guztietatik deitzen digute janaria etxera eroateko. Bezero gehien asteburuetan izaten dugu, afaltzeko orduan batik bat".

Gaur egun, Txohan Kebab jatetxea ere martxan dago Ferrerias kalean.

Telepizza: beste italiar bat

Janari exotikoen jatetxeez gain, pizzeriek ere garrantzia hartu dute Arrasaten.

Muxibar eta Cassolo pizzeriei Telepizza mutinazionala batu zitzaien 2010eko irailaren erdialdean. Bertan, ikasle gazteak egiten dute lan eta denetariko jakiak eskaintzen dituzte: pizza eta pasta espezialitateak, hanburgesak, kebab-ak, janari mexikarrak eta entsaladak, besteak beste.

Eskaintza horietaz gozatzeko, ez dago zertan Deba Etorbidean dagoen lokalera joan, telefonoz edo Internet bidez nahi den guztia eska daitekeelako. Zerbitzu hau, soilik Arrasate eta Aretxabaletako herritarrentzat zuzenduta dago.

Janari azkarra eta merkea

Orokorrean, hiru jatetxeek harrera ona dute herritarren artean janari azkarra eta merkea eskaintzen baitute. Atzerritarrak Arrasateko kulturara ohitu behar izan dira eta arrasatearrak, ordea, haiek ekarri dituzten janarietara. Azken finean, jatetxe hauek tendentzia berrien adierazgarriak dira eta herriko jatetxeen artean leku bat egitea lortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak