"Bizitza duinerako eskubidea", defendatu gura du Arrasateko Ezker Batuak, horretarako "alokairuzko etxebizitzak" bultzatu, eta hutsik daudenak "alokairu sozialean merkaturatzea erraztuko" du, Roberto Berrio alkategaiaren esanetan.
Herriko saltokiak ere bultzatu gura dituela adierazi zuen hautagai ezkertiarrak; auzoak (bereziki, Gorostiza eta San Josepe) "behar bezala mantendu" eta gizarte zerbitzuen alde lan egin, "egoitza eta eguneko egoitzetan beharra duten guztiendako lekua segurtatuz".
Berdintasuna, ingurumena eta parte-hartzea
Berdintasuna ere izango du helburu; bereziki emakumeen kontrako indarkeriaren kontra borrokatu gura duela adierazi du Berriok, eta horretarako Udalaren planaren diagnostikoa egitea beharrezko ikusten du.
Ingurumenaren arloan, berriz, Udalatx babestu guran, "harrobiaren esplotazio baimena zorrotz kontrolatzea" exijituko du. Eta gaur egungo Udalatx barruko harrobia gerarazteko eskatu eta Udalatx biotopo izendatu.
Eta "bereziki bultzatuko dugu herritarren parte-hartzea" adierazi zuen Berriok. "Gustatuko litzaiguke prozesu horrek udal aurrekontu parte-hartzaileak lortzeraino eramatea".