Debagoieneko herrigintzaren etorkizuna gaurko kontua da

Leire Kortabarria 2011ko apirilaren 20a

Bagara prozesua badabil bidea egiten Debagoienean, iazko martxoan sortu zenetik; eta darabiltzan proiektuen artean, indartsuenetariko bat da Herrigintza Gaztea. Bagararen helburua baldin bada, herrigintzan oinarrituta, esperientzia komunitario bat martxan jartzea, Herrigintza Gaztea Bagarak sortutako gazteendako eskola edo mintegi antzeko bat dela esan dezakegu; Debagoieneko herrigintzaren etorkizuna, alegia.

Hogeita hamar gazte inguruk eman zuten izena, baina azkenean, 20 bat laguneko taldea osatu zen, eta bi astean eguazten baten batzen dira, Jon Etxebarria arrasatearra eta Aitzol Loiola debarrarekin, koordinatzaileekin. "Maiztasun handienarekin, 15 lagun etortzen dira, 18 eta 29 urte artekoak. Ikasleak, langileak… denetarik dago. Arrasatekoak, Aretxabaletakoak, Eskoriatzakoak eta Antzuolakoak dira; bestalde, jaiotzez bailarakoak izan ez arren, hemen ikasten dutenei ere eman genien parte hartzeko aukera, eta hemen unibertsitatean dabilen Getxoko partaide bat daukagu, Debagoiena ondo ezagutzen duena eta saltsa gustatzen zaiona", komentatzen dute koordinatzaileek.

Saltsa, mugimendua, ekintzailetza… gustuko izatea, horixe dute oso antzeko partaide guztiek: "Bagararen oinarriekiko – euskalduntasuna, iraunkortasuna, elkartasuna eta autoeraketa– sentibera dena, herri taldeetan-eta, aisialdian, kulturan, feminismoan, gazte mugimenduan… mugitu dena", horrelakoak dira Herrigintza Gazteko kideak.

Tolosara eta Iparraldera
Eskola berezi horren ikasturtea aurtengo urtarrilean hasi zuten, eta ekainera arte jardungo dute parte hartzen dabiltzan gazteekin; hortaz, egutegiaren erdia baino zertxobait gehiago dagoeneko egin dute. Bagara mugimenduaren lau oinarriak aintzat hartuta, gazteendako interesgarriak izan daitezkeen gaiak lantzen dituzte.

Hala, orain arte jardun dute egungo errealitateaz, azterketa kritikoa eginez; bestalde, euskalgintzaz –hizkuntzen ekologiaren ikuspuntutik–; eta aste bukaerako bi irteera ere egin dituzte. Horietako baten, autoeraketan oinarritzen den gazte esperientzia bat ezagutu zuten bertatik bertara: Tolosako Bonberenearena, hain zuzen ere. Bestean, Iparraldera joan ziren, eta zenbait esperientziaren berri ere jaso zuten: hango gazteak, konpromiso politiko eta sozial handia izan duten pertsonak, Xiberuako Botza irratia…

Protagonisten ahotik
Egitarau hori ikusita igartzen da Herrigintza Gaztearen ezaugarrietako bat: "Ez dira klase teorikoak; gehienbat, berriketaldiak dira. Konturatu ginen Debagoienean herrigintzan mugimendu handia zegoela, baina gazteek ez zutela gai horietan euren burua janzteko aukerarik", azaltzen du Aitzol Loiolak. Jon Etxebarriak honakoa gaineratzen du: "Arlo teorikoak jorratzen dira, baina esperientziak ere ikusi izan dira. Adibidez, Tolosan etxe autogestionatuaren eredua ikusi genuen; Eneko Aritza kultura taldearekin ere egon ginen, filmak autoeraketa bidez egiten dituena; Iparraldeko gazteekin egon ginen…".

Herri arteko topagunea
Ekainera bitartean, parte-hartze esperientzien berri jasoko dute protagonisten ahotik, eta parte-hartze teknikak entseatuko dituzte; gero, ekintzailetasuna landuko dute, Saiolanen laguntzarekin; beste aste bukaera bat gazteek eurek kudeatu beharko dute; eta, azkenik, beste gizarte mugimendu batzuk ezagutuko dituzte.

Gero, datorren urtera begira jarriko dira. "Asmoa da lehenengo edizio hau beste gazte batzuekin errepikatzea; eta, bestalde, denon artean erabakitzea ea datorren urtean jarraituko dugun oraingo taldearekin", azaltzen dute Etxebarriak eta Loiolak.

Modu batera edo bestera, Herrigintza Gazteak dagoeneko eman du fruiturik: Debagoieneko gazteen arteko topagune bihurtu da, herri desberdinetako gazteek elkar ezagutzeko balio izan du, "eta gazteek eurek asko baloratu dute hori", dioskute koordinatzaileek.

Bestalde, dagoeneko herrigintzan dabiltzan gazteak izanda, aurten ikasten dabiltzan trebeziak eta baliabideak dagoeneko erabili ahal izango dituzte euren eguneroko lanean edo dabiltzan beste arloetan.

--------------------------------------

Ion Etxebarria eta Aitzol Loyola (arduradunak): "Testigantzak indar handia dauka, aurrekoek zer egin duten entzutea"

Sei hilabeteko ikasturtearen erdia pasatuta, Herrigintza Gazteko koordinatzaileak pozik daude orain arteko emaitzekin.

Herrigintza Gazteko kideek ezagutzen zuten Bagara?
Jon Etxebarria: Entzunda bai, iazko martxoan aurkeztu zenetik; eta Herrigintza Gaztea ere bai, deialdia egin genuenetik. Gero, aurkezpen egunean berriro gogorarazi genien. Azken baten, forma hartzen dabilen proiektua da Bagara. Azaldu genienean, eurek ere bat egiten zutela ikusi zuten.
Aitzol Loiola: Orain, erdialdean, Bagararen proiektuak zelan doazen eurekin ere konpartitu dugu.
Zelan egiten duzue lan?
J.A.: Urtarrilaren 12an Aretxabaletako Galartza etxean batu ginen, eta harrezkero bi astean behin batzen gara. Izan gara Euskadiko Gazteria Kontseiluko bi kiderekin, Arrasateko Emakume Txokoan gaur egungo errealitateaz solasaldia izan genuen, hizkuntzen ekologiaren gaineko bi saio egein ditugu, Garabideren inguruan ere jardun dugu; bailarako bi intsumisorekin solasaldia ere egin dugu, eta bi irteera. Gero, hori dena blogean batzen dugu (bagaraherrigintzagaztea.wordpress.com).
A.L.: Ideia da gazteak janztea: Bagararen oinarriparren inguruan bailaran zer dagoen interesgarri, ze jende dabilen, eta kanpoan zer dagoen. Bestalde, testigantzak indar handia dauka: Iparraldean, bailaratik hara orain 50 urte joandako pertsona batekin egon ginen, ikuspuntu politikotik konpromiso handia duena; asmoa dago kooperatibetan ardura izan duen pertsona batekin ere egotea… hau da, aurreko belaunaldiek zer egin duten entzun dezatela gazteek.
Hainbat lekutan egon zarete.
J.E.: Bai; Ibarraundin, Emakume Txokoan, gazte asanbladen lokaletan… Izan ere, beste helburu bat da gazteek ezagutu ditzaten bailaran dauden espazio horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak