Partidu tirabiratsua izan zen zapatuan Iturripen MUk eta Mikeldik jokatu zutena. Partidu lasaia zirudiena, korapilatu egin zen bukaerarako, eta ez emaitza jokoan zegoelako, izan ere, uneoro izan ziren nagusi arrasatearrak. Defentsan oso lan ona egin zuten eta kontraerasoan azkartasunez jokatu zuten; bai defentsan eta baita kontraerasoan ere bikain ibili izanak ekarri zuen hasiera hasieratik MUk partidua bereganatzea. Galtzeko arriskurik ez zuten izan Mondragon Unibertsitatekoek, beraz. Atsedenaldia iritsi zenerako, hamairu puntuko aldea aterea zion Mikeldiri.
Bost kaleratu
Baina, esan bezala, partiduan tentsio uneak bizi izan zituzten. Zaleen esanetan, epaileak ez ziren fin ibili eta istilurako arrazoirik ez zegoen partidu bat, konplikatu egin zuten. Hala, azken laurdenean, liskarrak izan ziren bi taldetako jokalarien artean, eta denera, lau jokalari eta entrenatzaile bat kaleratu zituen epaileak; Mikeldiko entrenatzailea eta bi jokalari, eta MUko beste bi; Paul Isasa eta Gorka Kintana, hain justu.
Norgehiagoka garrantzitsua zelako-edo, inoiz baino zale gehiago joan zen zapatuan Iturripera. Animo oihuen artean egin zuen partiduak aurrera eta giro aparta sortu zen, are gehiago, euren taldeak mailari eustea lortu zuela ikusita.
Datorren denboraldian, beraz, lehen maila nazionalean jokatzen jarraituko du MUk. Ea aurten baino hobeto aritzen diren!.