Antzokirako sarrera berria gauzatzeko egingo dutena da Arizmendi Ikastolako patioko aparkalekuen zati bat antzokirako erabili, "garajeetako eskaileren etxolatxora arteko zatia", Elena Lete aparejadorearen esanetan. Horrek esan gura du patio barruko zortzi bat aparkaleku eta kanpoko beste zazpi kendu egingo dituztela.
Berdeguneak eta edukiontziak
"Gaur egun antzokiaren aurrean dagoen berdegunearen pareko edukiontziak ere kendu egingo ditugu, eta garajeen eskaileren parera eraman; espaloia luzatuz egingo diegu lekua. Eta berdeguneari berari ere altura txikitu egingo diogu, antzokiarendako bista irabazteko. Bestalde, oinezkoen bidearen albo bietan berdegune berriak eraikiko ditugu, eta erdian beste lorategitxo bat. Lorategi horretan, gainera, jarlekua ipiniko dugu, eta erdiguneko berdegunearen ondoan, berriz, argidun farola moduko bat, burdinazkoa, Amaia Antzokia ipintzen duena", gaineratu du udal aparejadoreak.
Sarrera berria, gainera, harlauza bereziekin jantziko dute, oinezkoen gunea dela adierazteko; bizikletak lagatzeko "aparkalekutxoa" eraikiko dute bertan, eta inguruan dagoen zebrabidea, Correostik ateratzen dena, lekuz aldatu eta antzokirako sarreraren pareraino eramango dute, "helburua da jendea espaloitik bertatik bideratzea antzokira", argitu du Letek.