Aurrekontu urria, aparkaleku arazoa eta ospitale berriaren gabeziak, besteak beste, jeltzaleen kezkak

Ubane Madera 2011ko apirilaren 15a

Arrasateko Udaleko diru kontuak, herriko aparkaleku arazoa, ospitale berriaren gabeziak eta erakundeen arteko elkarlanaren beharra azpimarratu zituen Juan Karlos Garitano alkategaiak udal hauteskundeetarako hautagaien aurkezpen ekitaldian. Joseba Egibarrek, berriz, adierazi zuen"eskualde honi jauzia eman behar" zaiola. 

EAJren zerrendako lehenengo hamarrak aurkeztu zituzten atzoko ekitaldian, taldeko argazkiak erakusten duen moduan.



Banan-banan begiratuta, berriz, honako hauexek dira aurrenengoak:



- Juan Karlos Garitano alkategaia; 61 urteko antzuolarra da, baina Arrasaten bizi da azken 41 urteotan. Ezkondua  eta bi semeren aita da. Bilboko Ingeniari Tekniko Industrialeko eskolan lizentziaduna da, kudeaketari buruzko ikasketa osagarriekin eta hizkuntzak ikasten jarraitu du.


- Maria Ubarretxena; 30 urteko urretxuarra, baina Arrasaten ezkonduta dagoena. Antzuolako Goizperren egiten du lan.


- Ibon Arrupe; 37 urteko arrasatearra eta JMAan lanean diharduena.


- Juan Ramon Mendieta: 55 urteko arrasatear autonomoa da bera.


- Amaia Zeziaga: 50 urte,  arrasatearra, farmazialaria eta gaur egun ere zinegotzi dena.

 

- Rafa Uribarren: 58 urte, arrasatearra eta Landa Ingurunearen Garapenerako diputatua.

Zazpigarren lekuan, berriz, Amaia Azpiazu aurkeztu zuen EAJk; zortzigarren Sara Sagasta; bederatzigarren Rafa Garai eta hamargarren, Josune Urresti.

Herriko politikari begira, diru kontuak aipatu zituen Garitanok, esanez "ideia falta" egon dela Udalean, aurrekontua 42 milioi eurotik 30era jaitsi dutela eta inbertsioak ere nabarmen jaitsi dituztela: 14 milioitik bi milioi eskasera. Larregiko gastu korrontea ere aipatu zuen Garitanok.

Laubideko parkina

Bestelako gaien artean, berriz, aparkaleku arazoa azpimarratu zuen alkategai jelkideak: "Laubideko parkina itxita dago. Zergatik?Aparkalekua ez dagoelako kontrolatua. Jendeak edonon uzten du kotxea, kanpoan. Hori arautu beharra dago. Ospitale inguruan ere, arazo larria daukagu. Oso zaila da aparkatzea ospitalera joan ezkero. Problema aspaldikoa eta asko ari da luzatzen. Aparkaleku probisionala antolatu daiteke baina udalak ez du ezer egiten".

Bestelakoen artean, eta ospitalean segituz, salatu zuen esanak esan, azkenean Arrasateko ospitale berriak ez duela UCIrik izango, eta ez dituela, ezta ere, izango aurreikusitako espezialitate guztiak.

Elkarlanaren beharra ere azpimarratu zuen Garitanok: Elkarlana behar dugu. Elkarlanaren kabian gaude: Kooperatiben herrian, eta kooperatiben estiloa ekarri behar dugu politikara: kooperazioa, elkarlana erakunde publikoen artean, elkarlana Arrasateko herritarrekin eta arlo pribatuarekin



Hori guzia, Joseba Egibar Gipuzku Buru Batzarreko presidentearen begiradapean esan zuen Arrasateko alkategaiak. Hark, bere aldetik, azpimarratu zuen "garai berri baten atarian" gaudela. Eta horren beharrezkoa den "elkarbizitza antolatzeko beharrezkoa" dela "errespetutik abiatzea".

Egibarrek ere azpimarratu zuen elkarlanaren beharra, erakundeen artekoa; eta gure eskualdeari dagokionez, berriz, adierazi zuen "EAJren garaia" dela, "baita Arrasaten ere. Arrasatek ere gidaritza sendoa behar du, eta eskualde honi jauzia eman behar zaio".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak