Patxi Uribarren euskalakari oso: "Eta zu zergatik euskaraz? nirea delako, geurea delako eta geurea denari eutsi egin behar diogulako"

Ubane Madera 2011ko apirilaren 15a

Umeek, musikak, dantzak, pozak eta batez ere, euskaltzaleek eta euskarak bete zuten Herriko plaza atzo arratsaldean, eguena, Korrikaren alde egindako jaialditxoan. Protagonisten artean, Patxi Uribarren euskaltzaina. Euskalakari oso izendatu zuten aramaioarra,  "bizitzaren zati handi bat euskarari eman diolako eta ematen segitzen duelako" eta bereziki, gaueskolen sortzaile izan delako.  Omenaldi hunkigarria egin zioten AEKkoek.

Dantzarien agurra, berarendako bereziki egindako bertsoak, bere lanaren errepasoa… egin zioten euskaltzain aramaioarrari. Uribarrenek, berriz, euskara erabili eta zaintzeko arrazoiak azpimarratu zuen Herriko plazan elkartu zirenen aurrean: "Zergatik? Geurea delako, nirea delako. Eta geurea dena maitatu egiten dugulako eta maitatzen badugu erabiliko dugulako. Euskaldun gara euskara erabiltzen dugun neurrian".

Euskaraz jo ta su!

Aizu euskaraz jo ta su! horixe da, berriz, Korrikaren lelo lehiaketara aurkeztu diren 212 leloen artean irabazle aukeratu eta saritu dutena. Leloen sari banaketarekin hasi zuten, justu, Korrikaren atzoko jaialdia. "212 lelo horietatik 40tik gora dabiltza erabiltzen Korrikaren furgonetan!", jakinarazi zuen, gainera, Oskar Elizburuk, Arrasateko eta Gipuzkoako AEKko arduradunak lehiaketako partaideen pozerako.

Lelo onenak

Bost lelo onenak aipatu zituen berak: Aizu, euskaraz jo ta su!, Euskalakari, euskara zure bihotzari; Euskara mihian eta bihotzean; Euskara eta ni lagun bi; Irri euskarari eta korri euskalakari.



Eta hasitako moduan, musikarekin, dantzarekin eta euskararekin eman zioten bukaera borobila Korrikak Arrasate zeharkatu zueneko egunari. Tartean, Txorbela otxoteak kantalditxoa eskaini zuen eta konpartsa txikiak vals erakustaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak