Gazteen artean ekintzailetasuna bultzatzeko eskualdeko zenbait eragileen proposamen bateratua da Kimu Berri proiektua. Sustapen batzordean Mondragon Unibertsitatea, Saiolan, Athlon, Isea eta Debagoieneko Mankomunikatea daude.
Aurten bi urte beteko ditu eta gazteria, aisialdia eta kirol gaietan lehiakortasun gunea sustatzeko ekimena da.
Kimu Berriren beharra batez ere lotuta dago egungo gazteriaren arazo nabarmenenetako batekin: langabeziarekin. Baina hala ere, Kimu Berrikoek diote Europar Batasunetik bidaltzen duten mugikortasuneko mezua, hau da, gazteak lan bila atzerrira joatea, ez dela gure herriak behar duenarekin bat etortzen.
Kimu Berrikoak konziente dira hemengo enpresak ere ez daudela lanpostu berriak sortzeko garai onenean, baina eurek proposatzen dutena da gazteak lana bilatzerako orduan atzerrira joateko begira egon beharrean, enpresa berriak hemen sustatzea.
Ekintzaile heldua
Hala ere, uste dute egungo gazteek ez dutela barneratuta ekintzailetasunaren ideia. Egin duten aurkezpenean Kimu Berrikoek eman dituzten datu batzuen arabera, Euskal Herrian, eta baita mundu mailan ere, enpresaren ideia burutzen hasten denean pertsonak 39 urte ditu, osatzean 40 eta enpresa finkatzen denean 44 urte. Horrek esan nahi du gaur egun pertsona ekintzailea nahiko heldua dela.
Gazteek esperientzia falta
Horrez gain, badago beste arazo bat ere: pertsona horiek ideiak burutzeko esperientzia behar dutela eta estatistikek diote gutxienez pertsona batek bere enpresa sortzeko, beste enpresa batean 10 urtez lan egin duela. Enpresak enpresetan sortzen baitira, Kimu Berrikoen esanetan.
Aurtengo hainbat ekimen
Ondorioz, Kimu Berrikoen asmoa da ekintzailetasunaren ideia gazteengan hedatzea eta horretarako, aurten ere hainbat ekimen jarriko dituzte martxan. Esaterako, urrian Arrasaten eta Oñatin urteko Kimu Berriko gaietan garatutako proiektuen erakustaldia egingo dute. Ekintzailetasunari buruzko sentsibilizazio prozesuan lan egiteko materiala prestatuko dute Lanbide Heziketa, DBH eta Unibertsitateko ikasleentzat eta tartean EKITEN berrikuntza proiektuen lehiaketa ere egingo dute.