Ahotsak proiektuan parte hartu duten arrasatearrek omenaldia jaso dute Kulturaten. Badihardugu euskara elkarteak aspaldi jarri zuen martxan Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatzeko proiektua. Arrasateren kasuan azken hiru urteetan hainbat elkarrizketa egin diete, AEDrekin eta Udalarekin elkarlanean, gure hizkeraren historia bizia diren herriko adinekoei. 85 elkarrizketatu, hain zuzen. Interneten www.ahotsak.com/arrasate webgunean ikusgai daude elkarrizketok.
Hona hemen ekitaldiaren ostean zenbait omenduren iritziak:
Esther Goikolea: "Ezer gutxi gogoratzen dut nire elkarrizketaz. Gogoan dut espero baino hobeto joan zela. Grabazio horiek inork erabili gura baditu hortxe egongo dira."
Bitoriano Etxagibel: "Ikaragarri gustatu zait ekitaldia, oso gustura egon naiz. Lan hori hartu duenak bete-betean asmatu du, bai horixe. Grabazioa etxera eramatea opari bat da, gainera."
Bixente Azkarate: "Halakoak gehiago egin behar dira, oso noizean behin egiten dira. Oso ondo egon da ekitaldia, bertan esan diren hainbat kontuk hamaika oroitzapen ekarri dizkit. Norberak lehen pertsonan bizitzen dituen besteen kontaerak; ekimena oso ondo ikusi dut".