Arrakasta izan dute eskola-antzerki jardunaldiek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko apirilaren 13a

Eskola antzerkiaren XXI. jardunaldia egin dute egunotan. Hala, atzo eta gaur –martitzena eta eguaztena– eskoletako taldeen antzezpenak egin dituzte. Eskolako ikasleak eurak izan dira protagonistak. Maiatzean, ostera, antzerki talde profesionalen txanda izango da.

Juanito Barberan Udaleko Hezkuntza teknikaria gustura geratu da jardunaldiok izandako erantzunarekin. Bost taldek jardun zuten eskolako antzezpenetan. Martitzenean, goizeko 10:30ean hasita Arizmendi (Gaztelupe A), Arrasate institutua eta Arizmendi (Almen gunea) antzerki taldeek eskaini zituzten euren obrak. Gaixo Tranpatiak, Ibilian ibilian eta Irakasle gaiztoak lanak eskaini zituzten, hurrenez hurren. Arratsaldean berriro ere errepikatu zituzten. Eguaztenean, aldiz, Arizmendi (Gaztelupe B) eta Arrasate institutua B taldeek Bederatzi ez da bederatzi eta Musu baten bila lanak aurkeztu zituzten.

Antzerki profesionala

Jardunaldiok hiru fase izango dituzte. Lehenengoa eginda, maiatzean izango da bigarrena. Antzerki talde profesionalak etorriko dira Amaia antzokira, ikasleen aurrean antzeztera. Maiatzaren 3an, 10ean eta 16an izango dira antzezpenak.
Azkeneko fasean Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Amaia antzokia bisitatuko dute. Lehenengo gidoi didaktikoa egingo dute eta gero ordubeteko bisita. "Antzerkiaren atzeko mundua eta baliabide teknikoak ezagutzea izango da helburua", azaldu du Barberanek.

Harrituta geratzen dira

1996an hasi ziren eskola antzerkiaren topaketak modu honetara egiten, eta arrakasta izan dute. Orain arteko esperientzia kontuan hartuta neska-mutikoak gustura geratzen direla azaldu du Barberanek: "Harritu egiten dira atzealdean dagoen muntaketarekin: altuera, sokak... baliabide tekniko asko daude atzealdean". Hala, tresna pedagogiko interesgarria da ikasleendako.

2000 ikasle inguru

Antzezpenetan 70 gazte inguruk parte hartu dute, eta talde profesionalak ikustera beste 2000 joango dira. Maiatzeko jardunaldietan nabarmentzekoa da Dar-dar taldeak eskainiko duen Etzi antzezlana. Ikasleek unitate didaktikoa egingo dute antzezlanaren gainean, eta hori landuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak