Erizaintzako laguntzaileentzat Alzheimerrari buruzko jardunaldiak egin dituzte Arrasaten

Julen Iriondo 2011ko apirilaren 13a

Erizaintzako laguntzaileentzat Arizmendi ikastolak antolatzen dituen jardunaldien hirugarren edizioa egin dute gaur Arrasateko Kulturaten. Arizmendiren lanbide heziketa sailak antolatutako jardunaldien aurtengo gaia izan da “Alzheimerra: aurrekoa eta ondorengoa”, eta kultur-etxeko areto nagusia bete egin da arlo honetako adituei entzuteko.

Profesionalak izan dira entzule, erizaintzako laguntzaileak; eta hizlari ere hainbat lagun. Jardunaldia ireki duena izan da Elena Elosegi, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo sailaren Gipuzkoako lurralde zuzendaria. Alzheimerrak Gipuzkoan duen eragina eta gaixotasuna ahalik eta ondoen eramateko herrialdean dauden baliabideak izan ditu hizpide, besteak beste, Elosegik. Gipuzkoan Alzheimerra dutenak 3.200 pertsona direla esan du Elosegik, zaintzarako azpiegitura berriak ari direla martxan jartzen, baina oraindik ez direla nahikoa. Mediku, erizain eta gizarte langileek elkarlanean, gaixoari zaintza bere etxean ematearen garrantzia azpimarratu du. Elosegiren ondotik, neurologo, gaixoen senide eta Matia Innovako eta Modragon Healtheko kideak izan dira, besteak beste, hizlari. Baita Farapi izeneko enpresako kideak ere. Farapi antropologia aplikatuaren arloko enpresa da, antropologiaren ikuspegiak eta teknikak erabiltzen dituzte eguneroko bizitzako gauzak ikertzeko eta ikerketen ondorioetatik proposamen aplikatuak egiteko, eguneroko bizitzako egoera horiek hobetzen laguntzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak