Jende gutxitxo, bideen inbentarioaren erakusketan

Ubane Madera 2011ko apirilaren 13a

Auzoz auzoko erakustaldia edo Kulturateko erakusketa ikusi ez zutenek, egunotan dute beste aukera bat Arrasateko bide publikoen inbentarioa ikusi eta kontsultatzeko.  88 bide zolatu bakoak eta beste 35 bat zolatutakoak: zorbideak, kurtzebideak, gurdibideak, errege bideak…Horixe katalogatu dute lanaren lehenengo zati honetan. "Izan ere, bigarren fase batean bide horiek zela erabili" zehaztu beharko litzateke, adituen esanetan.

Sendo enpresak egin du Arrasateko bide sarearen inbentarioa. Bost urteko lanaren emaitza da osoko bilkuren aretoan ikusgai dagoena. Asteon bihar, apirilaren 14an kontsulta daiteke, 15:00etatik 20:00ak arte. Eta datorren astean, berriz, astelehenean, apirilaren 18an 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00ak arte eta apirilaren 20an, 15:00etatik 20:00ak arte ikusi ahal da.



Egin duten inbentarioa artxibotako informazioan eta auzo eta baserrietan jasotako testigantzetan oinarrituta egin dute; bestela esanda, lan guztiz teknikoa da: “1899an egin zen inbentario bat bideen gainekoa; orduan ere erakusketa egin zen. Hor kontsultatu dugu. Beste dokumentu batzuk ere baditugu, administraziokoak, badaude baita ere, Letona artxiboa, eskritura batzuk, kartografia zaharrak… Artxibotan bilatu dugun informazioa da, datuetan oinarrituta”.

Kezka eta tentsioa

Hala ere, eta lan teknikoa izan arren, kezka eta "tentsioa" eragin du inbentarioak lurjabe bat baino gehiagoren artean, urte askoan pribilegiotzat izan duten bidea bide publikoa dela jakitean; edo urte askoan eurek mantendu eta zaindu izan duten bidearen izaera publikoa dela jakitean.

"Ez dakit txarto ulertu duten edo guk txarto esplikatu, baina nahiko tentsio egon da, eta gu tekniko moduan kanpotik gatoz; gure lana egiten dugu metodologia teknikoarekin, eta saiatu gara eztabaida horretan azaltzen ondo zer den publikoa eta zer ez. Batzuek interpretatu dute euren kalterako izan daitekeela, eta ez da horrela, kasu gehienetan gauzak gaur dauden moduan segituko dute, baina guk argitu behar dugu jabetasuna zeinena den. Eta metodologia erabat teknikoa da. Izan ere, helburua herriko ondarea berreskuratzea da, galbidean zegoen ondarea, alegia ", adierazi du Gillermo Ruiz de Erentxunek, Sendo enpresako ordezkariak.

Bideak zela erabili

Eta azpimarratu du lan horrek jarraipena izan behar duela datozen urteotan. "Gero bideok zela erabili zehaztu beharko litzateke. Hau da, autoarekin erabiltzen ditugun errepideak ere publikoak dira, baina badaude arau batzuk errespetatzen ditugunak, bada, bide-sarearen kasuan gauza bera egin beharko litzateke; eta hori ordenantza bidez arautu beharko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak