Roberto Berrio, EB-Berdeak-eko Mondragoeko alkategaia: "Arrasateko Udala enplegua sortzen lehena izatea da helburua"

Maider Arregi 2011ko apirilaren 12a

Politikan hasi berria den arren, Roberto Berrio gogotsu eta ilusioz beterik dago etapa berri honetan. CCOO sindikatuan lanean ibili da eta ezkerreko politikak defendatu ditu. Orain, instituzioetatik lan egin nahi duela azaldu digu Arrasateko langabeziarekin amaitzeko eta sexu berdintasunaren alde borroka egiteko.

Soslaia

Roberto Berrio Parrak 48 urte ditu eta arrasatearra da. Lanbide Heziketako ikasketak eginda, egun GELMA S.A enpresan dihardu espezialista gisa lanean. Alarguna da eta seme bat dauka (Jon). Politikan ez du inoiz parte hartu eta gogotsu, ilusioz ekingo diola bizitzako etapa berri honi kontatu digu.

Ezker Batua Berdeak alderdiak herriari eskaintzeko daukana zelan jasoko zenuke labur?

Gizon-emakumeen arteko berdintasunari dagokionez, egun dagoen biolentziaren aurkako plana berrikusi beharko litzakeela uste dugu. Izan ere, 2006koa da eta, diagnosi gaurkotu bat egitea lehenesten dugu sexu indarkeriaren aurkako plan berri bat egiteko.

 Etxebizitza arloan, etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatzen dugu. Eskubide honen aurrean auzitegian babesa izatea ezinbestekoa da. Alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak lehenesten ditugu eta hutsik dauden etxebizitzak alokairuan merkaturatzea bultzatu nahi dugu. Bestalde, Hiriko Antolamendurako Plan Orokorra (P.G.O.U) aldatzea ere eskatzen dugu.

Ezin gara auzoekin ahaztu. Auzoen mantentze egokia ezinbestekoa da eta berriro urbanizatzeko beharra ikusten dugu. Ingurumenari dagokionez, harrobiaren kontrol zehatza eta honen esplotaziorako lizentzia nahitaezkoa da. Horregatik, Udalaitz barruko ikerketaren berehalako lizentzia berrikustea eskatzen dugu. Hau gelditzea eta Udalaitz biotipo deklaratzea aldarrikatzen dugu. Herritarren parte-hartzea noski, ezinbestekoa da. Besteak beste, udal aurrekontuetan herritarrek parte hartzea nahiko genuke.

Zeintzuk dira arrasatearren premia nagusiak?

Arrasatearrendako lehendabiziko beharra lana da, enplegua sustatzea. Izan ere 1.200 herritar daude langabezian. Aipatu moduan, etxebizitza bat eskuratzeko beharra ase nahi dugu Ezker Batutik.

Auzoen mantentze egokia eta hauen urbanizazioa berregitea da gure asmotariko bat. Beti ere ingurumena babestuz eta beste aspektu batzuen artean, harrobien kontrol zehatza eramanda.

Era berean, gizon-emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko neurriak hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horretarako herritarren parte hartzea eskatzen duten ekintza, iritzi edota proiektuetan lan egin beharko da berdintasun hori garantizatzeko.

Zer da gehien gustatzen zaizuna Arrasaten?

Arlo politikoari dagokionez, Udal talde ezberdinen errepresentazio anitza. Baina, Ezker-Batua Berdeak alderditik, faltan botatzen duguna da, hauteskundeetatik haratago,  herritarren parte hartzea eurendako interesgarriak diren zenbait proiektutan.

Eta gutxien?

Herritarrok daukagun segurtasun falta. Izan ere, lapurretak asko ugaritu dira etxeetan, garajetan, dendetan eta tabernetan.

Zergatik zaude politikan?

Beti egon naiz oso konprometituta eta lotuta langileen eskubideen alde eginez eta politika ezkertiarra bultzatzeko lanetan. Politikara salto egiteko unea iritsi zait eta instituzioetatik ezkerreko politika eta proiektuak martxan jartzeko unea iritsi zait Ezker Batua Berdeak, nire alderdiarekin bat eginda. 

Zelako herria amesten duzu?

Denondako lana eta etxebizitza duina duen herri batekin amesten dut. Udaleko ‘atzamarrak’ diren auzoekin eta lege parametroen  barruan dagoen ingurumenarekin.

Alkate irtengo bazina, zer?

Langabeziaren aurka borroka egingo nuke. Gure lehentasuna langabeziari aurre egitea izango da. Horretarako langabezia plan berri bat jarriko nuke martxan. Azpikontratuak ezabatu edo mugatuko nituzke eta zuzeneko lan-kontratuak bultzatu. Laburtzeko, lana sortzen aurrena izango den udala eratu nahiko nuke.

 

Gertutik

  • Herriko txoko bat: Santa Barbara eta bertako bistak; herri osoa ikus daiteke bertatik.
  • Herritar bat: Sebero Altube, filologo, idazle, filosofo, eta musikari gisa egin duen ekarpenagatik.
  • Pertsonaje historiko bat: Aníbal Barca. 
  • Telebistako saio bat: Cuatro edo ETB2 kateak iksuten ditut nagusiki. El conquistador del fin del mundo saioa asko gustatzen zait. 
  • Sare sozialetan badiharduzu?: Twitter eta Facebook-en.
  • Irakurri duzun azken liburua? La caída de los gigantes.
  • Zein egunkari irakurtzen duzu egunero?: Noticias de Gipuzkoa edo El Diario Vasco. Paperekoa ez ditut erosten, normalean interneteko edizioak irakurtzen ditut.
  • Ikusi duzun azken filma: Soy en número cuatro. 
  • Abesti bat: Where do the children play? Yusuf Islam (Cat Stevens).
  • Mania bat: Ez daukadala maniarik esango nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak