Gainerako udalekuetan ez dago arazorik izena ematerako orduan, oraingoz. Almikeko udaleku itxiez gain beste lau proposamen ditu Txatxilipurdik: Kosta ala kosta, Garaiongo udalekuak, Orioko udalekuak eta udaleku irekiak. Hala, Txatxilipurdik Kosta ala Kosta ekimenean izena emateko animatu nahiko ditu 14 eta 16 urte bitarteko gazteak. Diotenez, "esperientzia ahaztezina" izaten dute bertan parte hartzen dutenek, eta "leku polit eta interesgarri asko" ezagutzeko aukera izaten dute. Garaiongo udalekuei dagokienez, berriz, –12 eta 14 urte bitartekoendako– oraindik badago lekua, baina "poliki poliki" badoa betetzen. Beraz, azkar ibiltzea komeni da. Orion berriz, adin tarte berdinerako txanda bakarra dago libre, uztailaren 1etik 11ra. Eta azkenik, udaleku irekietan oraindik hiru guneetan eskaintza zabala dago. Edozelan ere, antolatzaileek ahokatu dute izenematea ez uzteko azken egunerako, ez dute-eta epez kanpo datozenak onartuko. Gainera, izena ematearekin batera Bila eta pila bikote joko eleanitza, Txatxilipurdik ateratako mahai jokoa, oparitzen dute bukatu arte.
Egoitza berria, Nafarroa etorbidean
Eta amaitzeko, izena emateko Txatxilipurdiren egoitzara jo¡an behar direnendako oharra. Herritar askok ez dakite non dagoen egoitza berria. Bada Nafarroa etorbideko 23. zenbakian dago, udaltzaingoaren egoitza berriaren atzealdean eta INEMen parean. Hau da, gazteendako parke berriaren alboan.