Aste Santuan eskaintza zabala izango da gazte txokoetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko apirilaren 11

Azken urteetako ohiturari jarraituz, gazte txokoek eskaintza berezia prestatu dute Aste Santuko oporretarako. Pazko asterako prestatu dute egitaraua, 12 eta 17 urte arteko gaztetxokeroak oporretan daudela aprobetxatuz. Hau da, apirilaren 26tik 30era bitartean ez dute aspertzeko astirik izango.

Gainera, aurtengo ekintzek San Andres auzoko jaiekin egingo dute bat eta azken bi egunetako –hilaren 29a eta 30a– ekintzak San Andresko gazte txokoan egingo dira. Hala, auzoko jaiak girotu gura dituzte. Halaxe azaldu du Lander Juaristi Txatxilipurdiko dinamizatzaileak: "Jaiak hilaren 30ean hasten dira, baina gu egun bat aurreratuko gara, egubakoitza dela aprobetxatuz, jaien hasiera berotzeko".

Askotariko ekintzak
Apirilaren 26an ginkana erraldoia egingo dute Monterronen (17:00). Ez da lehen aldia; horrek gaztetxoen gustukoa dela erakusten du: sei laguneko taldetan hainbat froga egingo dituzte eta horiek guztiak modu egokian gainditzen azkarrena den taldea izango da txapeldun. Herriko hiru gazte txokoetan edo Gazte bulegoan eman behar da izena. Hilaren 27an, zaldian ibiltzeko irteera egingo dute eta hilaren 28an, berriz, bizikleta irteera. Bi ekintza horiek nola gauzatu zehazteko datozen egunetan elkartuko dira, nola ez, gazte txokoetan.
Eta San Andresko jaien barruan, hilaren 29an bazkaria eta disko festa –13:00etatik aurrera– egingo dute. Bazkarirako txartelak bi eurotan jarriko dituzte salgai Azkenik, apirilaren 30ean, patata tortilla lehiaketa egingo dute, 11:00etan hasita. Antolakuntzak patatak, arrautzak eta olioa jarriko dute; osagai sekretuak gaztetxokeroek jarri beharko dituzte. Irabazleendako saria egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak