Bildu koalizioa aurkeztu berri duzue. Noiz izango dituzue zerrenda guztiak itxita?
Apirilaren 18rako. Kasu batzuetan, egun batzuk lehenago.
Zapatuan Bilduren hautagaien aurkezpen ekitaldia daukazue Kursaalen. Han izango dira Debagoieneko alkategaiak ere?
Bai, han izango dira hemengo hautagaiak ere. Akaso, ez denak, ordea. Hautagai guztien aurkezpena ez da izango, toki batzuetan zerrendak erabat itxi barik daudelako.
Bilduk Hego Euskal Herriko erakunde guztietan aurkeztuko ditu zerrendak?
Bai, hori da gure asmoa, erakunde guzti-guztietan aurkeztea. Jakina, udal baten edo bestean, baliteke ez aurkeztea, esate baterako Leintz Gatzagan eta haren moduko herri txikietan. Luzera begirako dinamika da EA, Alterbatiba eta ezker abertzalekoen arteko elkarlana, eta toki konkretuetan gerta daiteke ez aurkeztea, berez herritarren plataformak aurkeztu izan ohi direlako. Herri ekimen horiek aintzat hartu eta errespetatu egingo ditugu.
Zerrendak osatuko dituzue EAkook, Alternatibakoek eta independenteek. Azken hauek ezker abertzale ingurukoak izango dira?
Berbak berak esaten du independenteak zer diren. Eta udal eta foru hauteskundeetan, bereziki, alderdi eta koalizio guztiok erabili izan ditugu independenteak. Izan ere, ohikoa da alderdietara hurbiltzen ez den jendea udal hauteskundeetan hurbiltzea. Herri erakundeetara gerturatzeko dinamika logikoak dira horiek. Gure apustuarekin bat egiten duten herritar asko daude alderdi politikoetan ez daudenak.
Ze alderditakoak izango dira zerrendaburuak?
Planteamendua da ahalik eta zerrenda pluralenak osatzea eta alkategaiak aukeratzerakoan ere aintzat hartzea aniztasuna. Hori da gure apustua.
Baina independenteak izango dira zerrenda gehienetako buruak?
Denetik egongo da.
Bailarako alkategai batzuen izenak ematerik bai?
Ez. Formak zaindu behar dira eta, lehenik, hautagai guztiek jaso behar dute herrietako batzarren onespena. Ni, orain, ezin naiteke izenak aipatzen hasi. Gauza guztiek dute beren erritmoa eta horiek errespetatu behar dira.
Zu zeu Bilduren zerrendetan joango zara Arrasaten?
Komenigarria da herritar guztiek, gutxienez, agintaldi bat ematea udalean, herrigintzan murgil daitezen eta herriaren alde udaletik lan egitea zer den jakin dezaten. Sei urte eman ditut orain arte Arrasateko Udalean eta gustuko dut lan hori, baina unea ailegatzen denean argituko dut berriro aurkeztuko naizen edo ez.
Bilduren zerrendetan doazenek giza eskubideen aldeko kodigo etiko bat sinatuko dutela entzun da.
Halaxe da, bai. Gure borondatea ez da legez kanporatuen esparru hori zabaltzea, baizik eta indar subirano eta ezkerrekoak erakundeetara eroatea. Hautagaiek kode etiko bat sinatuko dute.
Estatuko fiskaltzak luparekin begiratuko ditu zerrendak…
Luparekin baino gehiago, mikroskopioarekin begiratuko dituzte. Baina guk gauzak garbi ditugu eta ez dut ikusten arazorik alde horretatik.
Hauteskundeetara aurkezteko Sorturen edo ezker abertzalearen B plana ez dela azpimarratu duzue behin eta berriro.
Argi eta garbi utzi dugu hori. Sortu legezko izango balitz, koalizioan eskubide guztiekin eta garden parte hartzeko aukera izango luke. Gu ez gabiltza ezer ezkutatzen.
Bilduren ezaugarriak edo ardatz ideologiko nagusiak zeintzuk dira?
Batetik, jendartearen gehiengo zabal batek bere burua identifikatzen du autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen aldeko. Eta, bestetik, bere burua ezkerreko dauka. Baina ikusten dugu hori ez dela erakundeetan islatzen. Eta gure helburua da erakundeak tresna bezala erabiltzea Estatuarekin lehia demokratikoan aritzeko. Era berean, gobernu guztiek darabilte formula bertsuak krisiari aurre egiteko: formula neoliberalak. Krisia sortu zutenak zigortu beharrean, nomina batekin kontrolatuta gaudenon bizkarrera erori da krisiaren ondorioak ordaintzea. Horri buelta eman gura diogu Bildun.
Ze emaitza espero dituzue?
Emaitza oso onak. Eta ahalik eta alkatetza gehien. Gipuzkoan aukera daukagu lehen indarra izateko. Eta beste herrialde batzuetan bisagra lanak egin ditzakegu. Oso kontuan hartzeko indar politikoa izan gaitezke. Erakundeek aldaketarako tresna izan behar dute.
Nafarroa Bai baino gehiago izan daiteke Bildu Nafarroan?
Gure lehia ez da Nafarroa Bairekiko. Hori kaltegarria izango litzateke. Gure aurkari politiko nagusia UPN da eta, ondoren, PSN. Izan ere, Nafarroan aldaketa politikoa gertatzea da helburua.
Posible da?
Orain zailago, abertzaleak zatituta aurkeztuko garelako. Abertzaletasunak ez dauka gehiengoa Nafarroan, eta, artean, zatituta aurkeztuko gara. Baina euskal kulturari eta euskarari horrenbeste kalte eragin dion gobernuaren kolorea aldatu beharra dago.
Sortu legeztatzea eskatzeko manifestazioa deitu duzue egubakoitzerako Arrasaten. Zergatik?
Nazio mailako mobilizazioak egin dira eta herri mailan ere beharrezkoak direla uste dugu