Gizarte larrialdietarako laguntzen irizpideak aldatzeko eskatuko dio Udalak Jaurlaritzari

Ubane Madera 2011ko apirilaren 8a

Eusko Jaurlaritzak larrialdi egoeretarako laguntzen araudian egindako irizpide aldaketak ere eztabaida eragin zuen atzoko osoko bilkuran. EAJk mozioa aurkeztu zuen irizpide aldaketa horien kontra, batetik, Jaurlaritzak gogortu egin dituelako laguntza horiek eskatu eta eskuratzeko bete beharreko baldintzak. Eta bestetik, murriztu egin duelako laguntza horietara bideratuko duten diru-kopurua.
 PSEk eta PPk izan ezik, gainerako alderdi guztiek babestu egin zuten jeltzaleen mozioa.

Euzko Alderdi Jeltzaleak bi eskaera egin gura izan dizkio Jaurlaritzari mozioaren bitartez: batetik irizpide eta diru-muga horien gaineko araudi berria ken dezala, eta bestetik, onartuko den araudi berria "aldez aurretik EUDEL erakundearen bidez adostua izan dadila".

Pobrezia gehiago, laguntza gutxiago

PSE-EEk eta PPk izan ezik, gainerako alderdi politiko guztiek bat egin zuten EAJren mozioarekin. Labur esanda, euren ustez geroago eta pobrezia handiagoa dagoen honetan, Jaurlaritzaren irizpide aldaketak jende asko babesik gabe utziko duelako.

Jaurlaritzaren ardura

Bereziki nagusien kasua aipatu zuen, esaterako, Eusko Alkartasunak. Alternatibako Ander Rodriguez bozeramaileak azpimarratu zuen geroago eta larrialdi egoeretarako laguntza eskaera gehiago dagoen honetan, Jaurlaritzaren erantzuna dela laguntzok murriztea. Eta Ino Galparsoro alkateak gogora ekarri gura izan zuen halako egoerei aurre egiteko ardura Eusko Jaurlaritzarena dela eta eskaerak hazten eta hazten doazela.

Hilabeteko balorazio eskaera

Sozialistek zein popularrek, berriz, mozio alternatiboa aurkeztu zuten, besteak beste, hilabete bateko epea eskatuaz irizpide aldaketek duten eragina baloratzeko. Aritz Arrieta sozialistak azpimarratu gura izan zuen irizpide aldaketen arrazoi nagusia dela eskaera gehiago dagoenez komeni dela dauden errekurtsoak ondo ordenatzea.

Eta, esaterako, Itziar Lamarain popularrak nabarmendu zuen orain arteko irizpideekin posible zela etxe bat jabetzan eta 40.000 eurora arteko aurrezkiak zituztenek larrialdietarako laguntzak eskuratzea, eta hori ez zutela askok ulertzen.

Kontuak kontu, bozketaren orduan, eta lehen esandako moduan, gehiengoak bat egin zuen jeltzaleen mozioarekin, eta beraz, atzera bota zuten mozio alternatiboa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak