Atzoko osokoa hasi bezain laster emakumeen kontrako indarkeria salatzeko kale agerraldia zegoela jakinda, alkateak proposatu zuen osokoa atzeratzea, alderdiek agerraldira joateko aukera izan zezaten. Udalbatzarrak onartu eta alderdi politiko guztietako ordezkariek erabaki zuten agerraldian parte hartzea.
Hiru patruila azaldu ziren
Baina agerraldian zeudela, Ertzaintzaren hiru patruila azaldu eta ekitaldian parte hartzen zebiltzanetariko batzuei identifikazioa eskatu zieten. Hori ikusita, sozialistek haserretuta agerraldia utzi egin zuten, uste izan zutelako nahita egindako zerbait izan zela eurak gonbidatzea baimenik ez zuen agerraldi batera; gainerako alderdietako ordezkariak ere haserretu ziren, kasu horretan, baina polizia bera azaldu zelako halako ekitaldi batera.
Kontuak kontu, haserrealdi hori osokoaren amaieran islatu eta alderdien artean eztabaida eta tentsio uneak eragin zituzten.
Ertzaintzaren jarrera salatu
Hasteko, Ino Galparsoro alkateak berak salatu gura izan zuen poliziaren jarrera. Espektakulu moduan kalifikatu zuen hiru patruila azaldu izana eta identifikazioak eskatu izana, eta herritarren kontrako errespetu falta izan zela adierazi zuen.
Alkatea egin zuten erantzule
Sozialistek guztiz kontrako jarrera erakutsi eta alkatea egin zuten erantzule baimen bako ekitaldi batean parte hartzera gonbidatu izanagatik. Are gehiago, alkateari berari galdetu zioten ea bazekien baimenik ez zuen ekitaldi batera gonbidatu zituenik.
Aretotik joan egin ziren
Justu azken horrek asaldatu zituen politikariak. Adibide moduan, Alternatibako Joseba Ugalde eta Ander Rodriguez ordezkariek osoko bilkuren aretoa utzi egin zuten, sozialisten jarrera horren aurrean. Eta gainerako alderdi politikoetako ordezkari guztiek banan-banan berba egin gura izan zuten argi uzteko inork ez zituela behartu agerraldira joatera, euren kabuz joan zirela, baizik. PPko ordezkariak ere hala adierazi zuen.
Berangu notifikatu
Ertzaintza agerraldira azaldu izanaren arrazoia, berriz, izan zen, euren esanetan, beranduegi jakinarazi izan zitzaiela agerraldi hori egin behar zutela. Maite Barreñak, Emakume Txokoko arduradunak azaldutakoaren arabera, 18:10ean deitu zuen Bergarako komisariara agerraldiaren berri emateko.