AEDren literatura lehiaketek badituzte finalistak

Ubane Madera 2011ko apirilaren 8a

70 literatura lanen artean aukeraketa egin ostean, epaimahaiak 14 neska-mutiko eta gazteren lanak nabarmendu ditu AEDren aurtengo literatura lehiaketako finalista izan daitezen. Sari banaketa gaur zortzi egingo dute, apirilaren 15, 18:00etan, Kulturateko areto nagusian. Aurten Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra izango dute gonbidatu berezi, bere idazle esperientziaren kontakizuna egin eta gazteen literaturarekiko sugarra piz dezan.

Aurtengo lehiaketari dagokionez, LH 6. mailatik hasi eta 23 urte bitarteko gazteek parte hartu dute. 33 bertso-paper, 20 ipuin, 15 poesia lan eta bi komiki aurkeztu dituzte. "Iaz baino gutxiago dira horiek, batez ere, iaz 90 bertso-paper aurkeztu zituztelako eta aurten 33 aurkeztu dituztelako. Eskolen kontua izaten da hori, iaz, esaterako, eskoletan landu zituzten-eta bertso-paperak. Gainontzeko arloetan, parte-hartzea antzerakoa izan da", adierazi du Itxaro Artolak, AEDko dinamizatzaileak.

Hala ere, pozik daude partaidetza horrekin, eta batez ere nabarmendu dute 17 urtetik gorakoen artean iaz baino lan gehiago aurkeztu dituztela.

25. urteurrena

Urrian abiarazi zuen AEDk aurtengo lehiaketa, 24. edizioari dagokiona. Beraz, datorren urtean 25. aldia izango da. "Zerbait berezia egiteko asmoa badugu", esan dute AEDtik. Eta ez da gutxiagorako, izan ere, AED elkarteak 28 ditu eta ia sorreratik hartu zuen Arrasaten literatura lehiaketa antolatzeko lekukoa.

Bestalde, literatura lehiaketak antolatzeko Arizmendi Ikastolaren eta Institutuaren aldetik jasotako laguntza eskertu gura du AEDk.

Finalisten izenak

IPUINA: Maria Oses, Alazne Zuazubiskar, Maialen Gallardo, Garazi Romero eta Maddi Labayen

POESIA: Garazi Romero eta Jon Iraola

KOMIKIA: Aitor Gonzalez eta Aritz Irigoien

BERTSO PAPERAK: Jone Perez Moreno, Marixe Ruiz de Austri, Ane Zuazubiskar Iñarra, Arantzazu Letona Elizburu, Asier Delgado Garcia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak