Egubakoitzean Asanblada Orokorra egingo dute (18:00), hau da, arrasatear oro gonbidatu dute gaztetxeko barne funtzionamendua ezagutu eta euren ekarpenak egin dezaten. Gero, 22:00etan, Herio heroi antzezlana.
Bazkaria Seber Altuben, "kalea hartzeko"
Zapaturako egun osoko plana egin dute. Goizean mendi martxa egingo dute –Ferixalekuan geratu dira, 09:00etan–eta gero poteoa egongo da. Eguneko ekitaldi potoloena, baina, Seber Altube plazan egingo duten bazkaria izango da, 14:30ak aldera: "Halakoetan gaztetxea txiki geratu izan zaigu, eta gainera, ospakizuna kalera ateratzea gura genuen. Gainera, noiz egin da halako bazkari bat Seber Altuben? Zapatua da horretarako eguna!", adierazi du Jon Azkoaga gaztetxeko kideak. Bazkarirako txartelak salgai daude Iluntz eta Irati tabernetan, zazpi eurotan. Hortik aurrera parranda, eta gauean, ska doinuak Bilbomatiks eta Materia Gris taldeen eskutik (22:30). Domekan, azkenik, mahai-inguru irekia egingo dute gaztetxean (18:30). Irekia eta interesgarria, izan ere, 20 urteotan izan direnen bizipen eta esperientziak entzun ahalko dira. Besteak beste, honako gai hauek landuko dituzte mahai-inguruan: Nola sortu ziren AGA –lehenengo asanblada– eta AGAKO –egungoa–, hasierako urteetako Udalaren jarrera, izateko kasuan nolakoa zen AGA eta AGAKOren inplikazio eta parte-hartze politikoa, zeintzuk izan ziren hasierako eta egungo lorpen nagusiak... Gaztetxeko ateak, noski, edonorendako irekita egongo dira.