Inork ez du bere gain hartzen ospitalegunean aparkalekua egiteko ardura

Ubane Madera 2011ko apirilaren 8a

Arrasateko Udala gertu dago ospitalegunean lur azpiko parkinga egiteko lurzorua uzteko. Hala zehaztu du asteon, Osakidetzak aurkeztutako proiektuaren harira. Hain justu, Osakidetzak Langai ondoko plazapea (ospitale berriaren ondoan dagoena) ikusten du egoki 118 leku dituen aparkalekua eraikitzeko. Baina ez du bere gain hartzen aparkalekua eraikitzerik. Eta Arrasateko Udalak jarraitzen du pentsatzen hori Osakidetzaren ardura dela.

Osakidetzaren ustez ehundik gora leku dituen lur azpiko parking batek konponduko luke gaur egun Arrasateko ospitalegunean dagoen aparkaleku arazoa. Txandaka funtzionatuko luke parking horrek; 08:00etatik 15:00etara izango luke derrigorrezko ordutegia eta solairu bakarra. Kostua, berriz, kontuan hartzeko modukoa: 1.932.921 euro.

Hala dio Arrasateko Udalean aurkeztu duen bideragarritasun planean. Osakidetzak aurreikusi du etorkizun motzean okertu egingo dela, gainera, ospitalegunean gaur egun badagoen aparkaleku arazoa, hiru arrazoirengatik.

Aparkalekuak gutxitu egingo dituzte

Batetik, ospitale berria zabaltzean herritarren joan-etorria areagotu egingo delako (25 aparkaleku gehiago beharko direla kalkulatu dute). Bestetik, Nafarroa etorbideko 20 bat aparkaleku kendu egin behar dituztelako. Eta hirugarrenik ospitale ondoko lantegi-gunea (Zalduspe) urbanizatu egin behar dutelako, eta gaur egun hor dauden 99 aparkalekuetatik 76 geratuko direlako, 23 gutxiago, beraz.

Udala gertu, lurzorua lagatzeko

Osakidetzaren bideragarritasun plana aztertu ostean, Hirigintza Sailetik aditzera zera eman dute aditzera: "Arrasateko Udala gertu dago lurzoru hori uzteko, baina arazoa da Osakidetzak ez duela proposamenik aurkeztu, bakarrik bideragarritasun plana aurkeztu dute. Hau da, Osakidetzak ez du esan bere gain hartuko duenik aparkaleku hori eraikitzerik".

Osakidetzak bere gain

Izan ere, esandako moduan, Arrasateko Udalaren iritzia da Osakidetzak bere gain hartu beharko zukeela parkinga eraikitzea. Baina, eta behin eta berriro oraingo udal gobernuak azpimarratu izan duen moduan, ospitale berriaren proiektuan dago arazoaren jatorria, ospitaleak ez zuelako orduan planteatu irtenbiderik aparkalekuen arazoarendako. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak