Jarduera Lehen Hezkuntzako hiru zikloetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleei dago zuzenduta eta hiru fasetan gauzatuko da ekimena. Lehen fasean DBHko ikasleek lau obra antzeztuko dituzte LHko 4., 5. eta 6. mailetako ikasleen aurrean. Antzezlan horiek apirilaren 12an eta 13an izango dira. Bigarren fasean ikasleek antzerki talde profesionalen obrak ikusiko dituzte, maiatzaren 3an, 10ean eta 16an. Honako hauek dira obrak, hurrenez hurren: Paraiso taldearen Txirulari magikoa, Gorakada taldearen Ogro txikia eta Dar Dar produkzioak taldearen Etzi. Lehen bi obretan emanaldi bi egingo dituzte –10:30ean eta 14:45ean–. Etzi antzezlanak, ordea, saio bakarra izango du, 10:30ean. Azken obra hori, gainera, prebentzio ikuspegitik landuko dute unitate didaktiko moduan. Azkenik, hirugarren fasean LHko 6. mailako ikasleak eta antzerkia irakasgai moduan dutenek Amaia antzokiko instalazioak ezagutuko dituzte, modu didaktikoan. Bisita gidatu horiek maiatzaren 25ean eta 26an egingo dituzte.
Lau obra, lau istorio ezberdin
Lau obra prestatu dituzte ikasleek: Irakasle gaiztoak, dirua lortu nahian irakasle sartu diren hiru gaizkileren kasua; Bederatzi ez da bederatzi, etxe oso bat arakatu ostean atariko zenbakian okertu den detektibearen gaineko komedia; Gaixo tranpatiak, egoera xelebre eta barregarrien artean eskarmentu ederra jasoko duten tranpatien istorioa; eta Musu baten bila, barneko sentimendu ezkutua askatu osteko ondorioak taularatuko dituen antzezlana.