Aste Santu ostean zabalduko dituzte barruko igerilekuak

Ubane Madera 2011ko apirilaren 7a

Ia hamaika hilabete obretan eta itxita izan ostean, atzera ere zabaldu behar dituzte Arrasateko barruko igerilekuak. Maiatzaren 2a da momentuz data segurua, baina kiroldegiko ordezkariak ahaleginak egiten dabiltza data hori apirilaren 26ra aurreratzeko. Datozen egunotan jakinaraziko dute ea posible den edo ez. 

Bi konponketa handi egiteko itxi zituzten barruko igerilekuak: igerilekuen sakonera txikitu eta igerilekuak inpermeabilizatu. Baina obrak egiten zebiltzala, ezustean ikusi zuten igerilekuen sabaiaren egoera oso kaskarra zela, arriskutsua. Eta sabaia konpondu behar horrek eragin du igerilekuko obrak orain arte luzatzea.

Kontuak kontu, obra egin ostean, batetik txikitu egin dute igerileku handiaren sakonera: 1,80 m. da orain gehienezko sakonera; erdian 1,60 m. ditu eta izkinetan 1,20 m. Obra egin aurretik, berriz, 1,80-2 m. ingurukoa zen sakonera. Horri esker, besteak beste, metro kubiko ur asko aurreztuko dute, eta, jakina, baita ere, ur hori berotzen ere. 

Igerilekuak zabaltzeaz bat, bertako ikastaroak abiaraziko dituzte, maiatzaren 2an. Eta dagoeneko eman daiteke izena horietan parte hartzeko; kiroldegian egin behar da hori.  

Udako bonua eta beste

Era berean, bonu-sisteman aldaketak egingo dituzte. Batetik, igerilekuko bonuak egin daitezkeelako. Bestetik, zonalde lehorretik bonu plusera pasatu ahal delako. Eta azkenik, udako bonua ere atera ahal delako. "Bonuen prezioak urtea bukatzeko falta den denboraren arabera aplikatuko ditugu", adierazi dute kiroldegitik. 

Xehetasun gehiago, biharko, egubakoitza, Goiena Paperean izango dituzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak