Caixako etxebizitzei dagokienez, horietako bat hartu ahal izateko, txandakatze sistema erabiltzen dute gaur egun. Eta txandakatze sistema hori itxaron zerrenda bitartez gauzatzen dute.
Bada, Udaleko Hirigintza Sailetik emandako azalpenen arabera, itxaron zerrenda hori hutsik dago une honetan, eta berria osatu gura dute. Berria osatzeko araudia egin beharra dago. Eta horixe da justu, gaurko osokoak landuko duena: itxaron zerrenda berria osatzeko araudia zehaztu.
Behin hori eginda, finkatuko dute, baita ere, non eta noiz eman behar den izena halako etxebizitza bat eskuratu ahal izateko.
Gizarte larrialdiak: irizpide aldaketa
Horrez gainera, bestelako gaiak ere izango dituzte eskuartean. Bat aipatzearren, gizarte larrialdietarako laguntzen gaia mahai gainean izango dute, EAJk mozioa aurkeztuko duelako Jaurlaritzak aurtengo onartu duen araudiaren harira.
Izan ere, batetik, Eusko Jaurlaritzak gogortu egin ditu Gizarte Larrialdietarako laguntzak eskatu eta eskuratzeko bete beharreko baldintzak. Eta bestetik, murriztu egin dute laguntza horietara bideratuko duten diru-kopurua.
Bada, Euzko Alderdi Jeltzaleak bi eskaera egin gura dizkio Jaurlaritzari mozioaren bitartez: batetik irizpide eta diru-muga horien gaineko araudi berria ken dezala, eta bestetik, onartuko den araudi berria "aldez aurretik EUDEL erakundearen bides adostua izan dadila".
Osoko bilkura 19:00etan hasiko da, eta izaera publikoa duenez, interesa duen edozein joan daiteke aretora.