Bost urteren, gobernu apurketa baten eta epaiketa baten ostean, Gelma bukatzear

Ubane Madera 2011ko apirilaren 6a

Bost urteren ostean, Arrasaten egiten dabiltzan obra ikusgarrienetako bati amaiera emango diote hil honetan: Gelmaguneari. "Astebeteko atzerapena daramagu, asteotako euriengatik. Gero, Udalarekiko obren entrega-protokoloa bete beharra dago. Baina, beste arazorik sortzen ez bada, Aste Santurako edo apirilaren 15erako, guztia bukatuta izango dugu", adierazi dute Obenerreka enpresatik. 

Historia luzea du Gelmaren urbanizazioak. 2004an hasi ziren bertako eraikin zaharrak botatzen eta erabaki zuten Gelma lantegia errekaz beste aldera lekualdatu behar zutela oso-osorik. Arrasateko Egitamu Orokorrari kasu eginez, gune horretan etxeak eraikitzea zen Arrasateko Udalaren helburua.

Alkateak salatuta

2006an hasi ziren orubea egokitzeko lur-mugimenduak egiten. Baina urte berean obrak geratu egin zituzten, liskar politikoengatik.

Obrak gelditzeaz gainera, EAJko zinegotzi Ines Aldaik Inazio Lakuntza alkatea salatu eta utzi egin zuen Gobernua. Eta Arrasateko Gobernuan krisi sakona sortu zen orokorrean. Sozialistek, esaterako, zentsura-mozioa eskatu zuten alkatearendako, Paco Gartzia alkate proposatuta. Aralarko Joxe Etxeberria ordezkariak ere dimisioa aurkeztu zuen Gobernuan, eta EAJ-EAk segitu egin zuten, gutxiengoan, bederatzi zinegotzirekin. 11 zinegotzi zituen, berriz, oposizioak. Ezker Batuak salaketa ipini zuen Bergarako epaitegian.

Etxeen prezioak eta promotorearen abantailek eragin zituzten liskarrok. Labur esanda, Udala eta promotorearen artean hitzartutakoa baino garestiago ipini gura zituztela salatu zuten, besteak beste.

Alkateak epaitegian

Inazio Lakuntza orduko alkateak, Jose Maria Loitik (alkate 1997-1999ra) eta Javier Guibertek (Obenerreka promotorea) epailearen aurrean deklaratu zuten. Kohetxoa, funtzionario eroskeria eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi zieten. Fiskaltzak hauxe erabaki zuen: "Existitzen diren premisa juridikoekin, Ander Rodriguez Lejartzak, Arrasateko Ezker Batuko zinegotziak, salatutako gertakariak ezin dira delitutzat jo".

Azkenean, 2006ko irailean lortu zuten behin betiko hitzarmena Udalak eta promotoreak. Etxeen obrak aurrera egin zuen, eta esandako moduan, bi aste barru bukatuko dituzte.

Etxeak, jolasparkea, biribilgunea…

Etxeez gainera, biribilgune bat, plaza bat, jolasparke bat, hiru kale eta zubia eraiki dituzte Gelmagunean. Plazari dagokionez, Euskal Herria plaza izena ipini diote. Eta kale berriei dagokienez, berriz, Elma kalea da babes ofizialeko etxe blokearen eta Elmaren egoitzaren artekoa; Martxoaren 8a da babes ofizialeko etxebizitzen ondokoa eta Deba etorbidea da errekara ematen duen kaleari ipini dioten izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak