Soslaia |
Aritz Arrieta Kabiketak (Arrasate, 1978) sei urte darama alderdi sozialistan eta herriko Gazte Sozialisten buru izatetik, zinegotzi izatera igaro da tarte horretan. Betidaniko bokazioa duela dio – institutuan delegatu zenetik, azaltzen duenez – baina politikan jardun aurretik enpresa munduan eta giza-baliabideetan egin du lan. San Frantzisko Xabier ikastolan eta institutuan ikasi zuen Arrasaten eta Enpresen administrazioa eta Giza Baliabideen Masterra egin zuen Madrilen UEM-n. Aurretik Plus Ultra Vida enpresan, burtsako inbertsioetan, eta Telefónican egin izan du lan. Madrilen eta Belgikan bizi izan zen urte batzuetan. Han “galdu” zuen abertzaletasuna. “Harago” ikusten ikasi zuela dio eta atzerritik bueltan politikarekin konprometitzea erabaki zuen eta Alderdi Sozialistan egingo zuela. |
Alderdi Sozialistak herriari eskaintzeko daukana zelan jasoko zenuke labur?
Arrasatek orain dela urte batzuk zeukan munta ala garrantzia berreskuratzea; Arrasate Debagoieneko hiriburua kontsidera dadila gura dugu, nahiz eta izatez, dagoeneko, baden. Hiriburu izateak dauzkan abantailak eman gura dizkiogu herriari. Enplegu eta formazioaren sustapena izango dira gure bi ardatzak.
Hiriburu izatea, baina, zelan ulertzen duzue, instituzionalki, zerbitzuen aldetik ala indar ekonomiko bezala?
Lehenik eta behin, instutuzionalki, ze zenbait urtetik hona Udalak pisua galdu du alor instituzionalean. Instituzionalki sendo dagoen herri batek kofinantziaziorako arazo gutxiago izaten du eta Gasteizko zein Madrilgo ateak jo ditzake elkarlanerako. Gainera kontuan hartu behar da Arrasateko sozialistok Carmen Atxutegi zinegotzia Madrilen diputatu dugula, Paco Gartziak Gasteizko parlamentuan dihardu eta Blanca Roncal, nahiz eta dagoeneko ez izan zinegotzi, parlamentuko idazkari ordea da.
Zergatik galdu du Arrasatek hiriburutza?
Azken lau urteetan Arrasaten EAE-ANVko zinegotzi ez atxikiek gobernatu dute eta ez daukate beste inon ezelako ordezkaritza instituzionalik. Horrela, beste instituzioekin harremana galduz joan da. Horrez gain, ez da egon bailarari eskainitako proiektu handirik. Momentuan dagoen proiekturik handiena ospitalea da baina gure asmoen barruan garraiobideen arteko intermodal bat sortzea dago. Bazegoen proiektu bat horixe berori Eroski parean egiteko eta guk helduko diegu atzera asmo horiei.
Zer behar du Arrasatek Debagoieneko hiriburu bezala?
Alor guztietan egin gura dugu lan. Arte Eszenikoen Zentroa jaso gura dugu ze uste dugu kultura mailan askoz ere gauza gehiago egin daitezkeela eta gune hori erreferente bilakatu gura dugu Euskadi osoan eta nazioarteko zabalkundea eman, jendea kanpotik erakarriz. Horrek herriari beste irudi bat emango dio. Arrasate leku erakargarri eta interesgarria izan behar da, jendea etortzeko, ze herritarrak galtzen gabiltza. Kultura izan daiteke amua, jendea ekarri eta horrek ziur gure merkatariei ere lagunduko diela. Proiektu honetan dagoeneko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin gabiltza lanean; Aldundiarekin oraindik ez dugu hitz egin. Inbertsio handiko proiektua da eta kofinantziazioa benetan garrantzitsua izango da. Unibertsitatea ere hartuko genuke kontuan.
Kanpotik, Arrasatek itxura txarra ematen duela uste duzu?
Gaur egun sentsazio grisa eragiten du. Egia da azken urteetan hedabideen fokua ere hemen izan dugula bertako gertakariengatik. Baina Arrasatek ere badauzka bestelako gauza batzuk erakusteko eta alderdi sozialistak, batetik, eta nik alkate moduan, bestetik, Arrasate beste modu batera ikusia izatea lortuko dugu.
Gazteak zelan erakarri gura dituzue?
Azaldu dugun Arte Eszenikoen Zentro hori oso interesgarria da ze kultura alternatiboa da han landu gura duguna. Lur publikoetan, parke edota eraikinetan, doako wi-fia ipini nahi dugu, 24 orduz eta kalitatezkoa. Teknologiatik gertuen gazteak daude eta guk erraztasunak emango dizkiegu.
Euskara?
Euskararen Egun bat ospatu gura dugu. Gasteizen egin ohi duten Euskararen Egunaren antzeko zerbait proposatu gura dugu ze oso garrantzitsua da egun batzuk instituzionalizatzea.
Kirol egiturei ala eskaintzari buruz badaukazue planik?
Kudeaketa hobetu beharra dago. Badakigu instalazioei buruz kexa asko dagoela. Debagoieneko kirol instalaziorik onenak dauzkagu Mojategin eta horiek hobeto kudeatzea lortu behar dugu. Antoñako eraikina ere hor dago, institutu azpian, pilotalekuarekin eta gimnasioarekin, eta arazo asko daude han.
Garai txarra izanik, gizarte laguntzei eutsiko diezue?
Eutsi eta handitzeko asmoa da gurea. Eusko Jaurlaritzarekin eta Lanbiderekin elkarlana estua gura dugu. Aurrerantzean Lanbide izango da ardatz garrantzitsuena eta erakunde horrekin egin behar da lana, diru-laguntza eta elkarlana handik etorriko baitira.
Hirigintza arloan aldaketa asko proposatuko dituzue?
Aparkalekuetan eta zirkulazioan dauka Arrasatek oso arazo larria. Lan asko dago egiteko eta onartezina da gaur egun Arrasateko erdialdean dagoen aparkatzeko zailtasuna eta egoera orokorra: autoak espaloietan igota, edozein modutan aparkatuta eta parkina erdi hutsik. Ospitale inguruan beste parkin bat ipintzea ezinbestekoa da eta auzoetarako irisgarritasuna bermatu egin behar da. Santa Teresa, Santa Marina edota Malvinetara hiri barruko autobusak bakarrik ez, traba arkitektonikoak ere gainditu egin behar dira eta sarbideak egin.
Adinekoengan pentsatuz?
Bai, gainera bagabiltza adinekoekin estu lanean eta aurki bidaliko digute euren eskaeren zerrenda. Etxetik atera nahi ditugu adinekoek eta parte har dezatela jarduera eta tailerretan.
Behar ugari izendatu duzu dagoeneko baina Arrasatek dituen premiarik nagusienak zeintzuk lirateke? Agintaldi honetan behin baino gehiagotan kexatu zarete, batetik, kalean dagoen zikinkeriaz eta, bestetik, segurtasun faltaz.
Gure kexa nagusiak izan dira, hain zuzen, hiritarrak horretaz kexatzen etorri zaizkigulako. Zikinkeriaren egoeraz konturatzeko, nik uste, kaletik bueltatxo bat eman besterik ez dagoela: hormak zikin daude, edozein lekutan ipin daitezke kartelak… Hori guztia gertatzen da ez dagoelako udal ordenantzarik eta Alderdi Sozialistatik behin baino gehiagotan eskatu diogu udal gobernuari beharrezkoa dela ordenantza bat. Debatitzen ere ez digute utzi. Ordenantzarik ez dagoen bitartean, ez udaltzainek eta ez ertzainek, ezin dute ezer egin ze ez dago zer inputatua.
Agintaldian zehar proposatu izan dituzue ordenantzak eta nahiko isun gogorrekin gainera. Hori da bidea?
Lehengo, horri buruz plenoetan hitz egin ahal izatea dago eta utzi ere ez digute egin. Arauak errespetatzen ez dituzten hiritarrei minik gehien poltsikoak eman ohi die. Isunak handiak ala txikiak izan behar diren, hori hitz egin daiteke, baina horretarako debatitu egin beharra dago lehenik, eta udal gobernu honek ez digu aukerarik eman. Agintaldia amaituko da eta oraindik kaleko garbitasunari buruzko ordenantza barik gaude.
Zaborren kudeaketari buruzkoa da pil-pilean dagoen gaia. Zein eredu defendatzen duzue zuek?
Guk printzipioz bosgarren edukiontzia ondo ikusten dugu eta atez atekoa, duda barik, baztertu egiten dugu. Hernanin ikusi da desastre hutsa dela eta gainera bertako biztanleak beste herrietara joan dira zaborra botatzera. Bultzatu zutenek ere atzera egin dute ze lehen aldiz aipatu zutenetik ez dute osteratzean ezer aipatu, ez udalean ezta mankomunitatean ere. Arrasateko alkateak ere bazuen asmoa baina badirudi momentuz geldi dagoela.
Udaltzaingo zerbitzua antolatzen den moduarekin ere ez zaudete oso gustura.
Arrasaten 35 udaltzain daude eta herrika baremoa izan ohi da mila biztanletik bat. Arrasaten beraz gainditu egiten da kopurua. Argi dago daudenak hobeto antolatu behar direla eta, noski, Ertzaintzarekin ondo koordinatu, hitzarmen bidez, adibidez, Arrasaten gehiago egon daitezen, ze Ertzainen egoitza hemen bertan daukagu. Gainera, nik badakit, udaltzain batzuk kexu direla beste modu batera lan egin gura dutelako eta ezin dute.
Hiritarren sentsazioa da segurtasunik ez daukatela baina ez da irudipena soilik, azken hilabetean egoniko lapurreta kopuruari begiratu besterik ez dago. Udaltzainen eta ertzainen presentzia hutsa prebentiboa dela uste dut.
Hitz egin dezagun herriaren gauza onez.
Oso utopikoa bada ere, turismoa indartu beharko litzateke ze gauza asko dago erakusteko. Hotelak falta badira ere, dagoeneko dauzkagun proiektuekin, Mojategiko kirol instalazioekin, unibertsitatearekin hitzarmenak sinatuz eta Arte Eszenikoen Zentroarekin, bai turistikoki zein merkataritzari dagokionez, herri erakargarria lor dezakegu baita ibarretik kanpo ere.
Gertutik
Politikan hasi zinenean bazenuen alkate izatea helburu bezala?
Politikan behetik hastea da garrantzitsua, eskailera batean bezala, poliki-poliki, gora egiteko. Aurrera egiteko urrats garrantzitsua da alkate izatea ala udal mailan lan egitea zinegotzi bezala. Neure burua ikusten dut alkate moduan. Ohitua nago kudeaketara ze udaletxe bat kudeatzea enpresa handi bat kudeatzea bezala da, agian, sentsibilitate berezi bat eskatzen duena. Sekulako ilusioarekin eta lanerako gogoz nator. Arrasatek aldatzeko nahia dauka eta gu alkate sozialista izaten saiatuko gara.
Ikuspegi horretatik beraz politika karrera moduan ikusten duzu, alkatetza gorako beste urrats baten moduan.
Urratsa baino, beharrezkoa den esperientzia moduan ikusten dut. Guztiz bokaziozkoa da nire kasuan. Hiritarrekin harreman zuzena lortzen da alkate moduan eta garrantzitsua da gero diputatu moduan jarduteko edota parlamentura joan ezkero, ze benetako arazoak ezagutzen dituzu. Ni aurretik neukan lanean gustura nenbilen baina politika bete egiten ninduelako aukeratu nuen. Hiritarren bizi kalitatea hobetu ahal izatea oso ederra da. Nik gobernatzeko bokazioa daukat.
Betidanik izan duzu bokazio hori?
Politika ez dakit betidanik gustatu izan zaidan baina institutuan adibidez, kontseiluko kide izan nintzen eta delegatu, adibidez. Kanpoan ikastetik itzuli nintzenean konturatu nintzen nire konpromisoei erantzun behar niela eta aukerarik onena alderdi sozialistan ikusi nuen. Zerotik hasi nintzen alderdi sozialistan, 2005ean, Gazte Sozialisten idazkari moduan. Lan asko eginez gero, helburuetara irits daitekeela uste dut, nahiz eta Arrasaten eta Euskadin horretarako zailtasun gehiago izan, gauden egoerarengatik.
Nolabait esatearren, mutil gazte eta euskaldun bat, familia abertzalearekin gainera, sozialistekin aurkeztea ondo ulertu zen?
Nire lagunen artean beti izan naiz ni desberdin pentsatzen zuen hori eta nire familia ere abertzalea da. Nik uste dut abertzaletasuna kanpora irtendakoan galtzen dela. Belgikan bizi izan nintzen urte betez eta han ere bestelako ideia batzuk ezagutzeko aukera izan nuen. Han ikusi nuen inoiz ez dudala sentitu abertzaletasuna nire barruan. Kanpoan nire ikuspegia zabaldu egin zen eta harago ikusten ikasi nuen. Hala eta guztiz ere, inork ez dit sekula esan arraroa iruditzen zaionik. Etxean ere betidanik eztabaidatu izan dugu politikaz, txikitatik eman dizkiet pistak.
Kanpoan egondakoan ikusitako hori eredugarri iruditu zaizu?
Nik uste dut hemengo bizimodua dela benetan eredugarria eta baita politika ere. Gure hauteskunde sistema zalantzan jartzen bada ere, niri egokia iruditzen zait.
Alkate izatekotan egingo duzun lehengo gauza zein izango den pentsatu duzu?
Erabaki zehatzik ez daukat baina badakit ospatu behintzat San Juanetan egingo dudala ze hori gertatzekotan, jaietatik gertu izango da. Gainera plazan dantza egitea tokatuko zait eta aurreskua egin beharko dut. Nik Txikitxu dantza taldean egin nituen zortzi urtez beraz, oraindik ere zerbait gogoratuko dudala uste dut.
Chacón ala Rubalcaba?
Erantzun zaila ze nik biak dauzkat gustuko eta gainera besteren bat ere egon liteke ze hauteskunde primarioetan ezustekoak egoten dira eta oraingoak bereziak izango dira. Postura txiki bat egin beharko banu agian Rubalcaba ikusiko nuke gertuago, duen esperientziarengatik, baina batek daki. Nik benetan ikusten ez dudana Rajoi da. Nahiz eta orain puntu askotako abantaila atera, niri tripek dioste ezetz, ez dela presidente izango ze euren boto-emaileek ere ez dute bera nahi.
Eta , zure tripek esaten dizute alkate izango zarela? Ze aurreikuspen?
Irabazi eta emaitza historikoak espero ditugu. Noski, nik nire burua alkate moduan ikusten dut. Arrasatearrek ere aldaketa nahia daukate eta gainera beste alderdiekin konparatuz, oposizio lanik onena egin dugula uste dut. Hor daude plenoetako aktak. EAJ, EAE-ANVko zinegotzien txalo-jotzaile hutsa izan da eta ez zaie ez ikusi ez entzun ere egin. Alternatiba garbia geu gara. Gure aurtengo apustua oso gogorra da.
Egoera berezia izango da gainera, Bildu hor dago, ETAren su-etena, Sorturen legez kanporatzea…
Egia da lehen baino hobeto gaudela baina ez naiz sartu behar Sortuk alderdi bezala egon behar duen edo ez. Badakite zer egin behar duten. Epaitegiek erantzun dute eta aurrera. Bilduri dagokionez, ni ez naiz kritikoa egitasmoarekin baina bai Eusko Alkartasunarekin ze uste dut iparra galdua dutela eta geratzen zaizkien apurrak salbatu gura dituztenez, berdin zaie norekin joan. Euren nortasuna galdu dute. Momentuz subiranotasunaz soilik hitz egin dute, ez beste ezertaz. Benetako arazoak langabezian ala formazioan daude Arrasaten eta horretan dago lan egin beharra. Espero dezagun bizkartzainik beharko ez dugun eguna iristea baina bien bitartean ETAren hitzak koarentenan ipini behar dira.
Amaitzeko, zelan gurako zenuke herritarrek zu ikustea?
Konfiantza eman eta herritarrek pentsa dezatela ez dudala lan sektarioa egiten, herritar guztientzako egingo dudala lan, ez alderdiaren interesen arabera.
...pertsonala |
|