Legeztatzea eskatzeko, manifestazioa egingo dute egubakoitzean Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2011ko apirilaren 5a

Herriko hainbat alderdi politiko eta sindikatuk deitu dute manifestazioa eta  'Eskubide zibil eta demokratikoen defentsan, legalizazioa orain!' lelopean burutuko da.

Arrasateko Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek, Ezker Abertzaleak, Gorripideanek eta LAB eta ESK sindikatuek deitu dute manifestazioa. Adierazi dutenez, Euskal Herriko politikagintzan nabarmena da aro berri baten aurrean gaudela; baina gaineratzen dute gatazka inoiz konponduko bada, alderdi guztiek izan behar dutela jarduera politikoa baldintza berdinetan egiteko eskubidea. Gauzak horrela, Alderdien Legea bertan behera uztea eskatzen dute.

Salatzen dute era berean Estatuan ez dagoela botere banaketarik; baita Ezker Abertzaleari politika egiteko eskatu arren, gero ez diotela bere jarduera politikoa era normal batean egiten uzten. Hala, esan dute Sortu alderdiak bere estatutuetan Alderdien Legea bere osotasunean bete arren, Sorturen sinesgarritasuna ari direla epaitzen. Gaineratu dute ilegalizazio egoerak ez diola soilik Ezker Abertzaleari  eragiten, Euskal Herri osoari baizik; azaldu dutenez  ilegalizazioak espektru politikoaren argazki desitxuratu eta irreal bati bide ematen diolako.

Egubakoitzean, 19:00etan

Manifestazioa deitu dutenen esanetan, eskubideen errespetuari eta bake egoera berri bati ateak zabalduko dizkion prozesu berri baten atarian gaude eta horretarako, bakea eta normalizazioa ekarriko dueten baldintza demokratikoak behar ditugu. Hauxe eskatzeko deitu dute egubakoitzeko manifestazioa. Arratsaldeko 19:00etan abiatuko da berau Seber Altube plazatik  Eskubide zibil eta politikoen defentsan, legalizazioa orain! lelopean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak