Jon Zubiaga Osoron musikari eta aktore mondragoetarra da laneko aktore bakarra. Garikoitz Kortabitarte Beti da obrako protagonista. 20 urte bueltako gazte bat da hori, eta bere goitizena beti gazte lokalean sartuta egotetik datorkio. Behin herrira ateratzen da parrandan eta tragedia bat geratu zaio: eskuko telefonoa galtzen du. Garikoitzek telefonoa galtzea tragedia dela kontatzen duen bitartean, euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia muturreko baten lekuko egingo ditu ikusleak. 45 minutuko iraupena du bakarrizketak.
Gaurko aurkezpenean, AEDko Itxaro Artolak azaldu du antzezlan horrekin gazteengana heltzen ahaleginduko direla. Buah txabal! ez da komedia bat; ez da publikoa entretenitzeko soilik idatzitako obra bat ere. Ikusleari bere hizkuntza-ohituren eta jarreren inguruan pentsarazi nahi die, modu dibertigarri baina, aldi berean, zorrotzean egin ere. Horren harira, aipatu du lan hori 17 urtetik gorako gazteei zuzenduta dagoela.
Haren esanetan, "ekoizpen xumea da, baliabide urrikoa. Horren harira, eskerrak eman nahi dizkiot Jon eta Unairi ahalegin berezia egin dutelako gure lana dauden baliabideetara egokitzeko".