Egubakoitzean, Etiketadun kateak hautsiz antzezlanarekin, hasi zuen Arrasateko Gaztetxeak 20. urteurrenaren ospakizuna. Ez ohiko antzezlana izan zen: oholtza gainean egin beharrean, publiko artean egin zuten eta gertutasun handia erakutsi zuten. Hiru emakumek ohiko bizitzan dituzten kateak apurtu zituzten emanaldian.
Zapatuan, berriz, musikaren txanda iritsi zen. Guztira, bederatzi talde aritu ziren urteurrenaren lehenengo asteburuan. Emanaldiak, baina, gaztetxean bakarrik izan beharrean, herriko bost txokotan egin zituzten.
Lehenengo kontzertu txanda arratsaldeko bostetan izan zen eta bertan izan ziren CC627, The Maniacs, Interprete Desconocido, AMD eta Ain_1 taldeak. Zapatuko kontzertuen lehenengo txanda La Banda del Abuelok itxi zuen.
Horren ostean, Gaztiok kokoteraino gaz, autogestioa eta askatasuna lelopean, manifestazioa egin zuten,egungo egoera politiko, sozial eta kulturalarekin ados ez daudela adierazteko.
Gauen, Gaztetxean jarraitu zuen jaiak. Horretarako, herriko hiru talde izan ziren: Repelencia, Des-kontrol eta Governors. Oholtzara igotzen lehenengoak Repelenciakoak izan ziren. Talde oso gaztea da Arrasateko hirukotea, izan ere, taldekideek 11-12 urte baino ez dituzte; hala ere, punk rock gogorra egiten dute eta gordintasunez beteriko emanaldia eskaini zuten.
Ondoren, Des-kontrolen txanda iritsi zen. Hilabete batzuk emanaldirik egin gabe pasatu ostean, taldearen zaleak kontzertua noiz iritsiko zain zeuden eta hainbeste behar zuten deskontrol dosia jaso zuten.
Ospakizunen lehenengo astea bukatzeko, atzo barre algarak sortu zituen Jon Plazaolaren bakarrizketak.