Azkeneko minutuan penaltia huts egin eta esku hutsik geratu dira arrasatearrak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko api. 3a, 15:10

Mondrak eskura izan zuen garaipena Oiartzunen aurka; baina, futbolean barkatutakoak ordaindu egiten dira, eta atzo Mondrak garesti ordaindu zuen. Azkeneko minutuan Iker Laspiurrek penalti bat huts egin zuen; eta, hurrengo jokaldian Oiartzunek hiru puntuak emango zizkien gola egin zuen (2-3).

Partiduko gakoa lehenengo golean egon zen. Partidua hasi eta hiru minutu besterik ez zirenean pasatu, falta baten ondoren Oiartzunek gola egin zuen. Fernandez izan zen golegilea. Etxeko jokalariak ahalegindu ziren maldan gora jarritako lehiari buelta ematen. Lehenengo ordu laurdena ona egin zuten, baloiaren kontrola izanez eta ondo jokatuz. Baina, Oiartzun eta Mondra nahiko talde parekatuak dira, antzerako jokoa egiten dutenak. Hala, minutuak pasa ahala oiartzuarrak nagusitzen joan ziren. Etxeko jokalariek baloiaren jabetza galdu zuten. Batez ere baloia atzetik ateratzea kosta zitzaien mondragoetarrei.
"Behin lehenengo ordu laurdena amaitutakoan nahiko gaizki jokatu dugu, baloia atzetik ateratzea kosta egin zaigu eta atzean sartuta egon gara", azaldu zuen Iban Rodriguez Mondra taldeko entrenatzaileak partidu amaieran.
Partiduko 33. minutuan, beste falta baten ondoren, Oiartzunek bigarren gola egin zuen. Fernandez II.a izan zen golegilea.

Aldagelatik bueltan, fresko

Bigarren zatia beste indar batekin hasi zuten etxekoek. "Freskoago atera gara", zioen Rodriguezek. Hala, 57. minutuan falta baten ondoren Mondrak lehenengo gola egin zuen. 1 eta 2koarekin hobeto jokatzen hasi ziren Rodriguezen mutilak, eta 75. minutuan, beste falta baten ondoren partidua berdintzea lortu zuten. Golegileak izan ziren: Xabi Pavon eta Iban Roa.

Bat gutxiago eta penaltia

Azkeneko minutuak oso nahasiak izan ziren Mojategin. Epaileak Kepa Mercader egotzi zuen. Hala, hamar jokalarirekin jokatu arren, partidua eusteko gauza izan ziren etxekoak azkeneko minutura arte. 89. minutuan, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen, baina esan bezala, Laspiurren jaurtiketa geratu egin zuen Olaziregi atezainak. Hurrengo jokaldian, korner baten ondoren Oiartzunek garaipenaren gola egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak