Mendieta anaiak: "Bide baten maila konfirmatu egin behar da eta 'Berezi'-ren kasuan oso jende gutxik egin du"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko api. 5a, 02:00

Markel eta Ander Mendieta anaiak jo eta su dabiltza eskalatzen; batez ere blokea egiten dute arrasatearrek. Euskal Herrian blokean espezialista indartsuenetarikoak dira. Haiekin izan gara, Euskadiko Kutxako egoitza nagusiaren ondoan, eskalatzen hasi ziren tokian.

Markel, anaia nagusia izanda, zu hasi zinen lehenengo eskalatzen. Nolatan hasi zinen?

Markel Mendieta: Hona etortzen hasi nintzen, beste lagun batekin batera eskalatzera. Soka barik etortzen ginen eta hemengo paretetan ibiltzen ginen. Gerora, eskalada ikastaro bat egin nuen, eta hala auzoko lagunekin eskalatzen hasi nintzen. 15 urte nituen orduan.

Ander Mendieta: 10-12 urterekin hasi nintzen ni hemen eskalatzen. Nire lagunekin etortzen nintzen.

Ze eskalada mota gustatzen zaizue gehien?
A.M: Niri blokea gustatzen zait gehien.
M.M: Blokea da eskalada mota bat sokarik behar ez dena. Lau edo bost metroko haitzak dira, eta oso leherkorra da.
Ni sokarekin ere ibiltzen naiz; baina, neguan, adibidez, hotz asko egiten du horretarako.

Hedabideetan behintzat ez da hain ezaguna blokea. Zergatik?
M.M: Modalitate berriagoa da, eta gainera jendeak uste du blokea egiten dugunok nagiagoak garela; baina, hori ez da horrela. Nik biak egiten ditut eta askoz ere zailagoa da blokea.
A.M: Lehen ere egiten zen blokea, gertatzen dena da gutxik egiten zutela. Batez ere alpinistek egiten zuten entrenamenduak egiteko.

Zein da egin duzuen bide gogorrena?
M.M: Asko ditut gustuko. Suitzan 8b bat egin nuen; eta, hemen Berezi –8b+ Fb– eta Alerta cobra egin ditut, Larraonan.
A.M: Nik ere Berezi egin dut eta baita Tatanka hegalaria ere, azken hau Zumaian. Tatankak bufalo esan gura duela jakin dut gerora.

Berezi-k 8b+ Fb maila du, baina ez zaudete guztiz ziur, izan ere Iker Pouk eta zuek bakarrik lortu duzue bide hori?
M.M: Hori da. Bide baten maila konfirmatu egin behar da eta kasu honetan oso jende gutxik egin du bide hori. Gainera, gradu maila ere oso erlatiboa da; zure ezaugarrien arabera hobeto egin dezakezu bide bat edo okerrago.
Ander, bietatik zuk egin zenuen lehenengo Berezi. Begiz jota zeneukan?
A.M: Bai, begiz jota neukan. Hala, lau bider saiatu nintzen eta azkenean lortu nuen. Zutik 8a+ da eta eserita hasi ezkero 8b+.
M.M: Interneten dago bideoa ikusgai.

Non ibiltzen zarete eskalatzen eta ze eskola duzue gustukoen?
A.M: Gustukoen Larraona dut, gero Zumaia eta gero Mañari.
M.M: Eta, Araotz zer? Orain zabaldu ditugu bloke batzuk. Errekan, zubiaren ondoan bide batzuk aurkitu ditugu.

Hemendik kanpora irten zarete eskalatzera?
A.M: Ni behin joan nintzen Fontainebleaura, Paris ondora; eta, beste behin Suitzara joan nintzen baina sei egun besterik ez genituen egin, euri asko egiten zuen eta dena bustia zegoen-eta.
M.M: Iazko udan joan ziren; haraino joan eta sei egun besterik ez zituzten egin! apur bat sufritu beharrean... behintzat 15 egun!
Ni pare bat aldiz izan naiz Suitzan, Frantzian, Alemanian, Italian... Esaten dute eskalatzeko leku onenak Europan daudela; blokea egiteko, batez ere Frantzian. Orain, Burgosen zabaldu dute leku bat oso ona; aurreko aste bukaeran izan nintzen eta benetan leku ona da.

Eta baduzue buruan beste irteeraren bat?
A.M: Bai, berriro Suitzara joateko asmoa daukat.
M.M: 8c egin behar dugu...

Arrasaten, esaterako, jende asko eta maila handiko jendea dabil eskalatzen. Ez da hala?
M.M: Bai, kontuan hartuta ze rokodromo kaskar dugun... Dagoen jende kopuruarendako leku txikia da, eta gainera aireztatze sistema ez dabil ondo eta hautsez beteta irteten gara. Arnasa hartzea ere kosta egiten da... 15 lagunendako leku aproposa da baina ez gehiagorendako.
A.M: Ondoko herrietatik ere jende asko etortzen da. Orain Aretxabaletan egingo dute.

Nolako entrenamenduak egiten dituzue?
M.M: Normalean eskalatu bakarrik egiten dugu. Behin saiatu nintzen zaintzen–garbi jan, ez edan...–, baina okerrago ibili nintzen.
A.M: Egunero eskalatzen dut; eta batzutan, negu partean rokodromoan entrenatzen dut.

Euskal Herriko espezialista onenetarikoak zaretela diote. Nola sentitzen da bat hori entzutean?
M.M: Bai, ondo dago horrelakoak entzutea, baina ez da horrenbesterako. Gertatzen dena da ez dagoela jende asko.

Txapelketetan ibiltzen zarete?
M.M: Batzuetan, baina presioak gainditu egiten nau.
A.M: Ni arrasatetik kanpo ondo ibiltzen naiz, baina etxean txarto, urduri jartzen naiz.
M.M: Euskal Herriko txapelketa Elgetan izango da aurten. Gero, Espainiakoak eta Munduakoak Bartzelonan jokatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak