Hasierako AGAKOrekin konparatuz gero gaur egungo gaztetxearen itxurak eta azpiegitura kontuak asko aldatu dira: ez dute okupaziora jo behar izan gaztetxea lortzeko, Udalaren dirulaguntzak eskuratzen dituzte…
Baina oinarrian funtzionamenduak betikoa izaten segitzen duela azpimarratu dute AGAKOko kideek; eta nabarmendu dute gaztetxean balore berak lantzen direla: autogestioa, autoantolakuntza, lana, konpromisoa…"Batez ere da lan egitea, ikastea, heztea, balore eta borroka batzuetan sinistea eta amets bat izatea gazteengan eragin guran herria aldatzeko. Amets barik ez zoaz inora eta aldaketarako amets hori ez baduzu, galbidea izan daiteke. Gehienbat da gure errutina apurtzeko toki bat. Lana egin behar da gauza asko antolatzeko, baina gozatu egiten dugu. Autogestioa lantzen dugu, asanbladan sinesten dugu, gure buruaren jabe gara… eta norbere buruaren jabe gara, eta hala bada, norbera aske da… hori ez du ezerk ordezkatzen".
Eta kontatu dute, orain dela urte batzuetako mugimenduko kideekin harreman ona dutela: "Kooltur ostegunak daude, eurekin elkartzen gara, konpartitzen dituzte esperientziak, eta batzuetan esaten digute ondo gabiltzala… Harreman ona dugu".
Historia: AGA
Historian atzera eginez, gogora ekarri beharko litzateke AGAKOz gainera, Arrasateko azken hiru hamarkaden historian beste gazte mugimendu bat ere izan dela herrian: AGA (Arrasateko Gazte Asanblada).
AGA 80ko hamarkada erdialde inguruan sortu zen, gazteek lokala gura zutelako euren kezkak garatzeko. Sindikatuen eraikinean egin zuten saiakera, hiltegi zaharra ere eskatu zuten gaztetxe izateko, eta azkenean Gurea zinema okupatu zuten, harik eta Udalak handik bota zituzten arte. Bien bitartean, antzerkia, irrati librea, fanzinea… egin zituzten; ekintza aurrerakoi eta polemikoak, aldi berean.
Hala ere, izandako "mobiden" ondorioz, hasierako mugimendu hartako jendea "erre" egin zen eta bertan behera utzi zituzten ekintzak.
AGAKOren sorrera
Handik bi urtera eta kasualitate baten ondorioz, gazte batzuk kalistroetatik ospitale zaharrera sartu eta erabaki zuten han gaztetxea ipintzea. Orduan sortu zen oraindik ere bizirik dirauen gazte mugimendua: AGAKO.
Gazteak antolatzeko premiaz jabetu aurretik lokala eskuratu zutenez, lana alderantziz egin behar izan zuten: egin zitezkeen gauzetaz jabetu eta asanblada sortzearekin bat lanean jarri ziren. Jende asko batu eta mota askotako ekintzak egin zituzten: jai alternatiboak, antzezlanak, elkartasun kanpainak, ikastaroak... eta ehunka kontzertu.
Udalaren ezikusiaren aurrean, gazte askoren ilusioa piztu zuten. Gerora, baina, bizilagunen kexen ondorioz, AGAKO eta Udala lokal berri batengatik negoziaziotan hasi ziren. Kokapenaren etorkizuna kolokan izan zen beti, baina AGAKOk Udala konbentzitu zuen Ospitale zaharra uztekotan ordezko lokal duin bat emateko; eta hala egin zuten: Uarkapen gazteendako lokala eraiki.
Gaztetxearen ibilbidea |
|---|
|
Gurea Antzinako zinema okupatu zuen AGAk (1987-1989). Udalak presio handia egin zuen handik botatzeko: argia moztu… eta azkenean itxi egin zen. ospitale zaharra Jende gazteak ohitura zuen kalistroetan elkartzeko. 1991n Ospitale zaharrean sartu eta gaztetxea sortu zuten. Mugimendu horrek lehengoarekin zerikusirik ez zuela-eta, AGAKO izena ipini zioten (Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua). Altamira Ospitale zaharretik bota ostean, Altamirako lokal batean egon ziren, 2003ra arte. Uarkapen Gaztetxearendako lekua egin zuten 2003an, frontoi ondoan. . |