Diziplina askotako taldea da L'Atelier D. Domekan Arrasaten egingo duten permormancea, TN Pipol izena daukan muntaia, Tunisiako buru izan den Ben Alí-ren diktadurarekin amaitu zuen matxinadaren dramatizazio bat da. Duela bost urte sortu zuten taldea eta ezaugarrietako bat da ikuskizunen kutsu kritiko eta aldarrikatzailea. 10 artista izango dira diziplina ezberdinak landuko dituztenak: argazkigintza, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak…
Lagun tunisiarrak
Fermin Muguruzak lagun ditu tunisiarrak. Irunekoak hilabeteak eman ditu Magrebeko hainbat herrialdetan Al Jazeera telebista katerako dokumentalak egiten. Herrialde arabiar haietako gazteen eta musika taldeen gaineko dokumentalak egin ditu eta oraingo astean hasi dira emititzen. Next music station du izena dokumental sorta horrek. 9 herrialde ezberdinetan 80 musikari egindako elkarrizketatan oinarrituta daude dokumentalak.
Atzo ETBko Anitzele saioan izan zen eta han esan zuen domekan Arrasaten izango zela lagun dituen L'Atelier D taldekoekin batera, Tunisian egon zenean "harrera ezin hobea" egin ziotelako eta taldea gustuko duelako.