Joxe Arriaran, gure pilotaren historia bizia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko api. 1a, 11:00

Joxe Arriaran (Arrasate, 1926) –Arriaran II.a– euskal pilotaren historia bizia da. 19 urtekin onenekin zegoen dagoeneko eta 46 urte bete arte ez zen erretiratu. Lorpen nagusiak: birritan buruz buruko txapeldun –lau finaletara helduta– eta behin binakako txapeldun, Pako Arriaran anaiarekin batera. Orain Arriaran anaiek binakako txapelketa hura irabazi zutela 50 urte bete berri dira.

Anaia Pako pilotari "oso ona" zela gogoratzen du: "Gai zen sei aldiz jarraian txapa gainean pilota mozteko". Hala ere, umiltasunez gogoratzen ditu Joxek herri osoak ospatu zituen lorpenak. Buruz burukoetako txapelak ekarri zituenean sekulako ongietorria egin zioten Arrasaten; "pentsa, musika banda ere irten zen kalera!", dio ahoan irribarrea duela. Baina belauneko lotailua apurtu zuelako irabazi ez zuenean ere, 1957ko txapelketan, sekulako ongietorria egin zioten jaioterrian.

Egungo pilotariak, ezberdinak 
Egungo gaztetxoei pilotan egitera irakatsi beharko balie elizpetara eramango lituzke: "Ikus dezaten pilotari gora begiratu bakarrik ez, behera ere begiratu behar zaiola". Pilotak ere ezberdinak zirela gogoratzen du: "Pisuz antzekoak ziren baina ordukoek bolumen handiagoa zuten eta hormaren kontra jo ostean beherantz egiten zuten; orain, berriz, gorantz irteten dira". Pilotalekuak eta pilotak ezberdinak, baina baita pilotariak ere: "Askori entzun izan diet lehengo pilotariak hobeak zirela, baina ni ez naiz ausartzen hori esatera. Nola konparatuko ditugu, bada? Halako konparazioak egitea tontokeria hutsa dira". Hala, aurtengo binakako txapelketarako ez du pronostikorik egingo: "Irujo eta Merinok partidu onak egin dituzte, baina baita txarrak ere. Orain nik egingo dizut galdera: finalean ze Irujo ikusiko dugu, ona ala txarra? Berak ere ez daki... Beraz, auskalo zer egingo duten".

1961eko finala: "Gogorra, baina ederra izan zen"

1961ean Pako Arriaran anaiarekin batera irabazi zuen binakako txapelketa: "Final gogorra izan zen, Ogeta eta Etxabe pilotari gogorrak ziren. Ogeta partidu hartan lesionatu egin zen, gerrian hartu zuen min. Finala amaitu zuen baina gerora jakin genuen lesioa larria zela. 22-16 irabazi genien, ederra izan zen. Hori bai, ez genuen ospakizunik egin aita oso gaixorik zegoen-eta". 50. urteurrena dela-eta EITBkoek tarta bat oparitu zioten. Tarta zerura altxatu eta anaiari eskaini zion, "Pako, maite haut", esanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak