Gureak-en tailerrak eta Goienetxe Fundazioaren Garaguneak elkarrekin antolatutako ikastaroa izan da, baina herritarrei ere zabaldu nahi izan zieten deialdia eta zortzi lagun animatu ziren. Sei saio egin dituzte eta Ciel Brooijmans aritu da irakasle lanetan: "Artearekin ez dut zerbait polita egitea bilatzen. Nik artea nire barruan dagoen zerbait adierazteko erabiltzen dut. Ez zait emaitza inporta, prozesua baizik. Artea egiten ari garenean ez dugu pentsatzen eta gure barruarekin, inkontzientearekin, harremanetan gaude, eta horregatik irteten da barruan daukaguna. Horregatik, terapian zehar momentu askotan isiltasun handia egoten da".
Dantzan eta antzezten ere bai
Artea margo, eskulan edo koadroekin lotzen dugu askotan, baina artea oso zabala da. Arrasaten egindako arteterapian, esaterako, musika, dantza eta antzerkia asko erabili dituzte: "Antzerkiaren bitartez pertsonaiak sortzen ditugu, eta pertsonaia horiek askotan zuri adierazten zaila egiten zaizun hori askoz errazago adierazten dute".
Erabiltzaile guztiek penaz agurtu zuten sei astez euren terapeuta izan den Brooijmans. "Sekulako esperientzia izan da, nire burua hobeto ezagutzen lagundu dit eta gustatzen ez zaizkidan gauzak zuzentzen", kontatu zigun Olatz Pagaldaik.