Aukeratua izan dela jakitean, Juan Karlos Garitanok zera adierazi du: "Alderdiak nigan erakutsi duen konfiantza eskertu nahi dut. Ilusioz, arduraz eta zintzotasunez, arrasatearren aldeko erabateko konpromisoz egingo dut lan". Ildo beretik zera gaineratu du: "Arrasatek, aukera bezainbeste erronka ditu aurre egiteko, horregatik, gogor lan egin beharko dugu; elkarlanean, Arrasatek aurrera egin dezan. Batu Gaitezen".
Ingeniari Tekniko Industrialean lizentziadun
Juan Karlos Garitano Ezkurrak 61 urte ditu eta jaiotzez antzuolarra izan arren, duela 41 urtetik Arrasaten bizi da. Ezkondua eta bi semeren aita da. Bilboko Ingeniari Tekniko Industrialeko eskolan lizentziaduna da, kudeaketari buruzko ikasketa osagarriakin eta hizkuntzak ikasten jarraitu du.
Hainbat urtetan egon da udal politikari lotua. 1991 eta 1995 urte bitarteko legealdian ArrasatekoUdalean zinegotzi izan zen, eta Kutxako kontseilukide Udalaren izenean.
Fagor Ederlan eta Tuboplast
Lan kontuei dagokienez, berriz, Juan Karlos Garitanok lan esperientzia handia du. Fagor Ederlan eta Tuboplasten egin du lan. Hauetan, kudeaketa zein zuzendaritza ardurak izan ditu. Halaber, zentro teknologiko zein zientifikoetan erabakitze organoetako kide ere izan da.
Lau hautagai konfirmatuta
Juan Karlos Garitanoren izendapenarekin, dagoeneko lau dira Arrasaterako konfirmatuta dauden alkategaiak: Aritz Arrieta alderdi sozialistatik, Juan Karlos Garitano EAJtik, Itziar Lamarain alderdi popularretik eta Joxe Etxeberria Aralartik.
Ezker Batua ere aurkeztuko da
Bestalde, Ezker Batuak iragarri du hautagaia aurkeztuko duela Arrasaterako. Izan ere, Alternatiba Ezker Batutik banandu zela-eta, Arrasaten, momentuan ez dute ordezkaritzarik. Bada, bihar, eguena egingo dute hautagai horren aurkezpen ofiziala.