Goikobalu abesbatzakoek lagun argentinarren bisita izan dute

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 30a

Argentinako lagunen bisita izan dute aste honetan Arrasateko Goikobalu abesbatzako kideek. Domekan etorri ziren eta astebete emango dute hemen. Santa Barbaran atera dute argazkia, argentinarrendako berezia den zuhaitz klase baten ondoan.

Goikobalu abesbatza bi alditan joan izan da Argentinara (1998an eta 2006an) bertako Euskal Etxeen gonbidapenari erantzunez. Bi bira horietan, Buenos Aires, Villa Maria, Mar de Plata, Cordoba, Rosario eta beste hainbat hiritan kantatu zuten Goikobalukoek. Bada, oraingoan, Kordobako Euskal Etxeko kide batzuk izan dira bisitan Arrasaten.

Argentinarrek argazkia atera zuten Goikobaluko kide batzuekin batera Santa Barbarako parkean dagoen ombú zuhaitzaren ondoan. Izan ere, arbola hori (argentinarrendako euskaldunon Aritzaren esanahi sentiberaren parekoa) Goikobaluko kantariek ekarri zuten Argentinatik 1998ko abuztuan eta ahateak egoten diren lorategian landatu zuten.

Astean barrena, argentinarrak Goikobalukoekin egin dute hainbat solasaldi, afari eta abar eta atzo, martitzena, entseguan ere egon ziren koroa entzuten.

Domekan etorri ziren eta aste bete inguru egingo dute Euskal Herrian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak