Ez da aurreneko aldia gaizkileak lokal hauetan sartzen direla, duela urte batzuk gauza bera gertatu baitzen. Lokaletako erabiltzaileek jakinarazi dutenez, lapurrek baliozko gauzak eraman dituzte. "Ia lokal osoa hustu digute. Hasieratik bazekiten nora zetozen, zuzenean gure lokalera etorri direlako. Beste lokal bateko sarraila ere hautsi dute, baina bertatik ez dute ezer eraman" azaldu du gazteetako batek.
Salaketaren ostean, berriro
Depositotako lokaletan entseatzen duten musika taldeetako kideak domeka goizean ohartu ziren gertatutakoaz eta berehala abisatu zioten Udaltzaingoari. Ezbeharraren aurrean, gertaera salatzea erabaki dute. Salaketa jarri eta gero, kaltetuak lokalera bueltatzean, lapurrak berriz ere sartu direla konturatu dira.
Giltzarekin
Lokaleko gazteek adierazi dutenaren arabera, lapurrek metodo berdina erabili dute bi aldietan. "Lokaletako ate nagusia giltzarekin ireki dute. Oraindik ez dakigu nondik lortu dituzten giltza horiek. Gure lokaleko atea, ordea, behartu egin dute" gaineratu du inplikatutako batek.
Aurrerantzean, kontzertuak antolatzea pentsatzen ari dira musika talde kaltetuak, lapurreten ondorioz diru galerak ugariak izan baitira.